Itxi

Futbola

Beste marka bat hautsi du

Messik historia egin du Urrezko Baloia laugarren aldiz irabazita

Erredakzioa

Bartzelonako aurrelariak titulu bakarra irabazi duen arren FIFAk eta France Footballek ematen duten saria irabazi du. Del Bosque izendatu dute urteko entrenatzaile onena.

0:40
Lionel Messi

Lionel Messi argentinarrak irabazi du 2012ko Urrezko Baloia. Sari honek duen historian garaikurra lau aldiz jarraian irabazi duen jokalari bakarra da Messi. FIFAk eta France Football aldizkariak antolatzen dute sari hau. Johan Cruyffek, Michel Platinik eta Marco Van Bastenek hiru aldiz irabazi zuten Urrezko Baloia.

Titulu bakarra irabazi du Messik 2012. urtean; Espainiako Errege Kopa, baina horrek ez du axola izan saria eskuratzeko. Argentinarrak 91 gol sartu ditu 2012an.

Andres Iniesta (Bartzelona) eta Cristiano Ronaldo (Real Madril) izan dira sari hau irabazteko beste bi hautagaiak, baina saririk gabe geratu dira.

Iragan urteko entrenatzaile onenaren saria Vicente Del Bosque Espainiako hautatzailearentzat izan da. Pep Guardiola eta Jose Mourinho ere saria irabazteko hautagien artean izan dira, baina asri gabe geratu dira.

2012ko hamaikako onena ere jakitera eman dute FIFAk eta France Footballek, eta jokalari hauek osatzen dute: Casillas; Alves, Pique, Sergio Ramos, Marcelo; Xabi Alonso, Xavi Hernandez, Iniesta; Messi, Cristiano Ronaldo eta Falcao.

Puskas saria urteko gol onena sartu duen jokalariari ematen zaio, eta Miroslav Stoch Fenerbacheko jokalari eslobakiarrak irabazi du.

Emakumeen futbolak ere izan du bere tokia sari banaketa honetan. Pia Sundhage suediarrak irabazi du emakumezkoen entrenatzaile onenaren saria, eta Abby Wambachek jaso du 2012ko jokalari onenaren saria.