Itxi

Futbola

Errege Kopa

Mourinhorentzat, hil edo biziko klasikoa

Erredakzioa

Casillas, Sergio Ramos, Pepe, Fabio Coentrao eta Angel Di Maria baja dira lehen partidarako, eta Bartzelonak estokada eman nahi du.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Europa eta Espainiako Liga dominatzen duten bi taldeen bideak berriro elkartzen dira. Hil edo biziko klasikoa izango da, baina Casillas, Sergio Ramos, Pepe, Fabio Coentrao eta Angel Di Mariaren bajek lehen norgehiagoka markatuko dute, eta Bartzelonak estokada eman nahiko du.

Kopako finalean ez da klasikoa errepikatuko, baina bi handiak finalerdietan gurutzatuko dira. Azken edizioetan Barçak eta talde zuriak merezitako garrantzia eman diote Errege Kopari. Finalaren atarian dira eta biek titulua nahi dute.

Jose Mourinhorentzat oso kanporaketa garrantzitsua izango da. Porrota jasotzen baldin badu, Portugalgo entrenatzaileak kolpe latza hartuko luke. Real Madrilek Ligan aukera oso gutxi ditu dagoeneko, eta itxaropenak Errege Kopan eta Txapeldunen Ligan ditu jarrita. Hala ere, Barça kanporatu ezkero, zuriek une txarrak atzean utzi ditzakete, eta bide batez jarraitzaileei baikortasuna itzuli.

Horretarako azterketa zaila gainditu beharko du Mourinhok. Iaz Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko distantzia partidaz partida murriztu zuen portugaldarrak, eta joera aldatu zuen, baina Mourinhok berriz asmatu beharko du blaugranen erasoa gelditzeko.

Barça moralez gainezka helduko da neurketara, eta arlo psikologikoan nagusi dela ematen du. Kataluniarrek Kopan estokada eman nahi diote Real Madrili Santiago Bernabeun. Bartzelonak ez du bajarik eta Ligan 15 puntuko aldea du aurkariarekiko.

Hala ere, kanporaketa joaneko partidan erabakita geratuko ez dela uste dute blaugranek, baina emaitza ona lortzen baldin badute, dena alde izango dute finalerako txartela eskuratzeko.

Ustezko hamaikakoak:

Real Madril: Diego Lopez; Essien, Raul Albiol, Carvalho, Arbeloa; Khedira, Xabi Alonso, Modric; Ozil, Cristiano Ronaldo eta Benzema.

Bartzelona: Pinto; Alves, Pique, Puyol, Alba; Busquets, Xavi; Cesc, Pedro, Messi eta Iniesta.

Epailea: Clos Gomez (Aragoiko batzordea).

Futbol-zelaia: Santiago Bernabeu.

Ordua: 21:00.