Itxi

Futbola

Errege Kopako finalerdia

Klasikoa, beti bezain interesgarri eta finalerako txartela jokoan

Erredakzioa

Klasikoa Nou Campen jokatuko da, eta Kopako kanporaketa erabakiko da bertan. Real Madrilek edo Bartzelonak lortuko du finalerako txartela, baina norgehiagoka parekatua izatea espero dute.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

rege Kopako finalerdietako lehen itzulikoa Nou Camp zelaian jokatuko da, gaur. Real Madrilek edo Bartzelonak lortuko du finalerako txartela, Santiago Bernabeun banakoa egin eta gero, baina norgehiagoka parekatua izatea espero dute.

Klasikoaren bezperan polemika piztu dute entrenatzaileen adierazpenek. Undiano Mallenco epaileak 2011ko Errege Koparen finalean egindako lana kritikatu zuen Jordi Rourak atzo. Mallenco "permisiboa" izan zela esan zuen Bartzelonako bigarren entrenatzaileak. Jose Mourinhok berehala erantzun zion: "Iraganean Bartzelonak kiroltasun ikastaroak ematen zizkigun".

Kirol arloan futbolaren mundua geldiarazten duen partida sekula baino parekatuagoa izango da. Denboraldi honetan elkarren kontra jokatu dituzten lau partidetan, garaipen bana lortu dute (Superkopako bi neurketetan), eta bi berdinketa: Ligako norgehiagokan, Nou Campen, eta Kopako joanekoan, Bernabeun.

Presioa Real Madrilek du. Liga oso zail jarri zaie madrildarrei, eta Jose Mourinhoren taldeak irabazi beharra du; izan ere, datorren larunbatean klasikoa Bernabeun errepikatuko da, eta Manchester United ate-joka du Txapeldunen Ligan.

Bestalde, Milango porrotak sortutako zalantzak alde batera uzten saiatu behar da Barça. Milanen aurrean, blaugranek arazo handiak izan zituzten arerioari min egiteko, Milango taldea atzean primeran antolatu baitzen. Kataluniako taldearen jokoa ederki geldiarazi zuten, eta, gainera, kontraerasoan bi gol sartu zituzten.

Atzealdean arazoak ditu Bartzelonak; izan ere, azken 11 partidetan gola jaso dute. Sevillaren aurka, bigarren zatian, taktika irauli zuen Jordi Rourak, eta azken emaitza erabat baldintzatu zuen. Kopako finalera heltzeko, zerbait asmatu beharko du Barçak.

Ustezko hamaikakoak:

Bartzelona: Pinto; Alves, Pique, Puyol, Alba; Busquets, Xavi, Iniesta, Pedro, Villa eta Messi.

Real Madril: Diego Lopez; Arbeloa, Sergio Ramos, Pepe, Coentrao; Khedira, Xabi Alonso; Di Maria edo Kaka, Ozil, Cristiano Ronaldo; eta Higuain.

Epailea: Undiano Mallenco nafarra.

Futbol-zelaia: Camp Nou.

Ordua: 21:00.