Futbola
Chelsea mendean hartuta
Javi Martinezen zorioneko golak Europako Superkopa eman dio Bayerni
Redacción
Alemaniarrek euren historiako lehen Europako Superkopa irabazi dute, Chelseak garaipena esku-eskura izan ondoren.
-
Bayern Municheko jokalariak, Europako Superkoparekin. Efe.
Javi Martinezek minutu gutxi batzuk baino ez zituen jokatu, baina nafarrak Europako Superkopako finaleko jokaldi erabakiorra egin zuen: Martinezek berdinketaren gola sartu zuen luzapenaren azken minutuan, Chelsea garaipena ospatzeko prest zegoenean.
Nafarraren golak penaltiak behartu zituen eta hor 2012-2013 Txapeldunen Ligako irabazlea nagusi izan ziren eta euren historiako lehen Europako Superkopa irabazi zuten.
Emaitza alde batera utzita, Jose Mourinhoren Chelseak (2012-2013 Europa Ligako txapelduna) eta Pep Guardiolaren Bayernek goi mailako partida jokatu zuten, zaleen oroimenean geratzen den horietarikoa.
Norgehiagoka hasi eta berehala, 6. minutuan, Riberyk aukera paregabea izan zuen Bayern markagailuan aurretik jartzeko, baina baloia ez zen sareetan sartu. Bi minutu geroago, berriz, Fernando Torresek ez zuen hutsik egin eta gola egin zuen Chelsearentzat.
Bigarren zatian, Bayernek berdinketa lortu zuen Riberyk areaz kanpotik egindako gol ederrari esker. Gola Guardiolari eskaini zion jokalari frantziarrak.
Bi taldeak jo eta ke hasi ziren garaipenaren bila eta jokoa gogortu egin zen. Ondorioz, epailea txartelak ateratzen hasi zen. Gol aukerak bata bestearen atzeatik sortu zituzten bi taldeek, baina azken metroetan ez zuten asmatu.
Javi Martinez, protagonista
Luzapena hasi eta berehala, Hazardek David Luizen pasea jaso eta bi atzelari atzean utzi, eta Neuer gainditu egin zuen, talde ingelesa berriro aurretik jarriz. Riberyk bigarren zatian egindako golaren oso antzekoa izan zen Hazardena.
Denbora aurrera zihoan eta Chelsea garaipena ospatzen hasia zela, Javi Martinezek berdinketaren gola egin zuen, luzapenaren azken minutuan.
Gauzak horrela, bi taldeek penaltietan erabaki behar izan zuten Superkopako irabazlea, eta 11 metroetatik egindako jaurtiketetan, Romelu Lukaku belgikarraren hutsak titulua eman zion Bayern Munichi.
Fitxa teknikoa:
2 - Bayern Munich: Neuer; Rafinha (Martinez, 56'), Boateng,Dante, Alaba; Lahm; Robben (Shaqiri, 96'), Müller (Götze, 71'),Kroos, Ribery; Mandzukic.
2 - Chelsea: Cech; Ivanovic, Cahill, David Luiz, Cole; Ramires, Lampard; Schürrle (Mikel, 87'), Oscar, Hazard; Torres (Lukaku, 98').
Golak: 0-1, 8': Torres. 1-1, 47': Ribery. 1-2, 93': Hazard. 2-2, 121': Javi Martínez.
Penaltiak: 1-0: Alaba. 1-1: David Luiz. 2-1: Kroos. 2-2: Oscar. 3-2: Lahm. 3-3: Lampard. 4-3: Ribery. 4-4: Cole. 5-4: Shaqiri. 5-4: Lukaku, Neuerren geldiketa.