Futbola
Errege Kopa 2014
Bartzelona – Real Madril: faboritorik gabeko finala
Erredakzioa
Klasikoen klasikoa da 2014ko finaleko protagonista. Neurketak errebantxa kutsua du, madrildarrek 2011n jokatutakoa irabazi zutelako eta Bartzelona, aldiz, ligako azken norgehiagokan gailendu zelako.
-
Ronaldoren lesioak bertan behera utzi du Messiren aurkako ohiko lehia. Efe.
Bartzelonak eta Real Madrilek Errege Kopako finala jokatuko dute asteazkenean, Mestallan, 21:30etatik aurrera. Ligako bi talde handien arteko partida inoiz baino irekiago dagoela dirudi: hamaikakoetan aldaketak espero dira, lesioen ondorioz, eta, biei kosta egingo zaie ligako egoera alde batera uztea, titulua jokoan baitute Atletico Madrilekin batera.
Gauzak horrela, zaila da finalean zer gerta daitekeen aurreikustea. Bartzelona krisi txiki batean murgilduta dago, azken asteetan jasotako emaitza txarren ondorioz, eta Real Madrilek arazoak ditu erregulartasunari eusteko. Zuriek, gainera, ezin izango dute Cristiano Ronaldo zelairatu, min hartuta dagoelako. Leo Messi kataluniarren izarra, berriz, berdegunean izango da, baina denboraldi makala egiten ari da.
Gerardo 'Tata' Martino Bartzelonako entrenatzaileak esan duenez, taldea prest dago Real Madrili aurre egiteko, eta bere jokalariak aurkariarenak baino hobeto aritzea da bere kezka bakarra.
"Animo aldetik ez dugu arazorik, ez antsietaterik, finala jokatzeko. Arazoa jokoarekin daukagu, horrekin bakarrik. Irabazteko behar dugun gauza bakarra beraiek baino hobeagoak izatea da", esan du.
Carlo Ancelotti Real Madrileko entrenatzaileak, bestelde, Cristiano Ronaldoren baja izan du hizpide. Italiarraren ustez, baja horrek "ez du planteamendua aldatzen", taldeak "oso ondo" jokatu baitu portugaldarra zelaian egon ez denean. Jokalariei "ausardia eta nortasuna" eskatu die Bartzelonaren aurka jokatzeko.
Cristianoren bajari aurre egiteko, Ancelottik ez du argitu Illarramendi zelai erdian jarri eta Di Maria edo Isco gora igoko dituen. "Erabakia hartuta daukat, baina ez dut ezer esango".
Bale eta Neymar
Cristiano Ronaldoren eta Leo Messiren ondorengoak dira, etorkizunean Real Madrilen zein Bartzelonaren zama sorbaldetan eraman behar dutenak. Gareth Balek eta Neymarrek ez diote erantzukizun horri muzin egiten: asteazkeneko Kopa finalean protagonismoa izan nahi dute, titulua erabaki eta bi klubek euren fitxaketetan ordaindutako dirutzak justifikatzeko.
Biek lehen denboraldia dute Estatuko futbolean, eta, orokorrean, ez dituzte aurreikuspenak bete. Galestarra, hala ere, gero eta hobeto doa. Brasildarra, aldiz, ondo hasi zen, baina egun ez dago sasoirik onenean. Kopako finalean distira egin nahi dute, guztien aurrean.
9 kiloko kopa
Irabazleak jasoko duen kopak 9 kiloko pisua du, zilarrezkoa da eta 1990tik izandako talde txapeldunen izenak idatzita dauzka.
Horrez gain, 78 zentimetroko altuera eta 43 zentimetroko zabalera dauka.