Itxi

Futbola

Cardiffen

Real Madril eta Sevilla, aurrez aurre Europako Superkopan

Erredakzioa

Espainiako bi taldeak denboraldiaren lehenengo tituluaren bila arituko dira, gaur 20:45ean, Cardiffen, oraindik jokalari askok minutu gutxi jokatu duten arren.

  • Gareth Bale Cardiffera itzuliko da / EFE.

    Gareth Bale Cardiffera itzuliko da / EFE.

Real Madril eta Sevilla aurrez aurre arituko dira Europako Superkoparen finalean, gaur 20:45ean. Txapeldunen Ligako irabazlea eta Europa Ligako garailea 2014-15eko denboraldiaren lehenengo titulua eskuratzeko borrokan arituko dira, Cardiffen.

Jokalari internazionalek ia prestaketarik egin gabe ekingo diote partidari, Munduko Txapelketa jokatuta, Brasilen. Beranduago heldu dira lanera, udako oporren ostean, eta ia denboraldi-aurreko neurketa izango da bi taldeentzat.

Real Madril da faborito argia, bai jokalariengatik baita aurrekontuagatik ere, baina oraindik desiratutako egoera fisikotik urrun daude. Sevillako goleatzaileak, Carlos Baccak, ezin izan du oraindik gainontzekoekin entrenatu.

Ancelottik garrantzitsuenak ditu prest, Cristiano Ronaldo barne. Titularra izango da, ezker belauneko arazoak konponduta. Toni Kroos eta James Rodriguez dira hamaikakoaren berritasun aipagarrienak.

Iker Casillas egongo da atean, Txapeldunen Ligako final eta Munduko Txapelketa txarrak egin zituen arren. Madrilekoak titularra izan nahi du Ligan, eta Diego Lopezek taldea utzita, aukera gehiago izango ditu. Taldera, baina, Keylor Navas heldu da. Bale galestarra etxera itzuliko da, Cardiffera, aurreko denboraldian bezain erabakigarria izateko asmoz.

Unai Emeryren Sevillan, Bacca da gutxien jokatu duena, 45 minuturekin. Iago Aspas fitxaketak beteko du lekua.

Beste Europako titulu bat irabazi nahi du Sevillak. Bosgarrena litzateke, eraginkortasun handia baitauka taldeak. Porrot bakarra 2007an izan zen, Carlo Ancelottiren Milanen kontra, hain zuzen.

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Real Madril: Casillas; Carvajal, Pepe, Sergio Ramos, Coentrao; Kroos, Modric, James; Bale, Cristiano Ronaldo eta Benzema.

Sevilla: Beto; Coke, Fazio, Nico Pareja, Alberto Moreno; Krychowiak, Carriço; Reyes, Denis Suárez, Vitolo; eta Bacca.