Futbola
FIFAren erabakia
Bartzelonak ezingo du 2016ko urtarrilera arte fitxatu
Hamazortzi urtez azpikoen transferentzietan eta inskripzioetan arauak hausteagatik zigortu du FIFAk talde katalana. Ezin izango du jokalaririk erosi hurrengo bi fitxaketa merkatuetan.
-
Masia, Bartzelonaren haztegia. Argazkia: EFE
FIFAko Apelazio Batozrdeak jakinarazi duenez, Bartzelonak ezingo du fitxaketarik egin 2016. urteko urtarrilera arte. Hamazortzi urtez azpikoen transferentzietan eta inskripzioetan arauak hausteagatik zigortu du FIFAk talde katalana.
Apirilean zigortu zuen FIFAk Bartzelona eta hasiera baten denboraldi honetarako fitxaketak egin ahal izatea debekatu zion Futbolaren Nazioarteko Batzordeak. Ondoren, bi aldeak akordiora iritsi eta uda honetan fitxaketak egiteko debekua kendu zion Apelazio Batzordeak erabakia hartu arte.
"Espainiako Futbol Federazioak eta Bartzelonak transferentziaren eta nazioarteko adingabeko jokalarien lehenengo inskripzioaren inguruko hainbat xedapen urratu dituztela baieztatu da, bai eta Espainiako txapelketetako hainbat jokalarien inskripzioaren eta parte-hartzearen inguruko beste arauak ere, 2009 eta 2013 bitartean gertatutakoak", adierazi du FIFAk ohar baten bidez.
Ondorioz, Bartzelonak ezingo du fitxaketarik egin neguko merkatu honetan, ezta datorren denboraldiko udako merkatuan ere. 2016. urteko urtarrilaren 1ean zabalduko den neguko merkatutik aurrera fitxaketak egitea baimenduta izango du Bartzelonak.