Itxi

Futbola

Euro 2016

Ukraina, Eurokopatik gertu

Erredakzioa

Ukrainako selekzioak 2-0 irabazi dio Esloveniari eta 2016ko Eurokoparako txartela lortzeko aurrerapauso handia eman du. Bestalde, Suediak abantaila hartu du Danimarkaren aurka, 2-1 irabazita.

  • Seleznyov, Ukraina. Argazkia: EFE

    Seleznyov, Esloveniari sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Larunbat honetan bukatu dira 2016ko Eurokoparako errepeskako kanporaketen joaneko partidak eta igandean jada, itzulerako norgehiagokak hasiko dira. Ukraina da Eurokoparako txartela gertuen duen selekzioa.

Ukrainarrek 2-0 irabazi diote Esloveniari Yarmolenkoren eta Seleznyoven golei esker eta zaila dirudi itzulerako partidan Esloveniak 2-0eko aurkako emaitzari buelta ematea.

Bestalde, Suediak abantaila hartu du Danimarkaren aurka, baina ez dute kanporaketa guztiz itxita utzi. 2-1eko emaitzarekin garaile atera dira suediarrak. Bi goleko abantaila izan dute, baina Danimarkak azken txanpan aldeak murriztea lortu eta berdinketa lortzekotan izan da. Orain, itzulerako partidan erabakiko da zein selekziok lortuko duen txartela.

Ostegunean eta ostiralean ere errepeskako partidak jokatu ziren. Bosniak eta Irlandak bana (1-1) berdindu zuten, eta irlandarrek abantaila txiki bat dute, izan ere, itzulerako partida etxean jokatuko baitute. Hungriak, aldiz, 0-1 irabazi zion Norvegiari eta igande honetan jokatuko duten itzulerako partidan Eurokopara sailkatzeko aukera historikoa du.