Itxi

Futbola

Munduko Kopa 2019

Suediak Kanada garaitu eta final-laurdenetako sailkapena eskuratu du

Agentziak | Erredakzioa

Eskandinaviako taldeak Blacksteniusek lortutako gol bakartiarekin irabazi zion Kanadari(1-0). Horrenbestez, Alemaniaren aurka jokatuko du Munduko Kopako final-laurdenetan.

  • Blacksteniusen golak partida erabaki zuen. Argazkia: EFE

    Blacksteniusen golak partida erabaki zuen. Argazkia: EFE

Suedia izan da garaile Kanadaren aurkako partidan (1-0) eta, horrenbestez, Munduko Kopako final-laurdenetan izango da. Hurrengo kanporaketa horretan, Alemaniarekin lehiatuko du final-aurrekoetarako sailkapena.

Peter Gerhardssonek zuzentzen duen taldeak bizirik jarraitzen du Frantziako Munduko Kopan eta, dagoeneko, porrot bakarra izan dute jokatu dituzten lau partidetan zehar: Estatu Batuen aurka.

Partida bigarren zatian erabaki zen. Izan ere, lehenengo zatia oso taktikoa izan zen eta, gainera, taldeek ez zuten aukera garbirik sortu.

Lehenengo gola Blackstenius suediarrak lortu zuen bigarren zatian. Kanadako atezaina gaindituz, Stephanie Labbe, erabakigarria izango zen partidako gol bakarra egin zuen (1-0).

Hala eta guztiz ere, Kanadak ez zuen amore eman eta partida berdintzeko aukerak izan zituen.

Hala ere, markagailua bat eta hutsekoarekin amaitu zen. Suediarrek gol bakartiaz baliatu ziren 2019ko Frantziako Mundialaren final-laurdenetarako sailkapena lortzeko. Hurrengo kanporaketa horretan, Nigeriari 3-0 irabazi zion Alemaniaren aurka jokatuko dute.

Fitxa teknikoa

1 - Suedia: Lindahl; Glas, Fischer, Sembrant, Eriksson; Rubensson (Bjorn, 79. min), Asllani, Seger; Jakobsson, Blackstenius (Anvegard, 94. min) eta Rolfo (Hurtig, 90. min).

0 - Kanada: Labbe; Lawrence, Buchanan, Zadorsky, Chapman (Riviere, 84. min); Prince (Leon, 64. min), Scott, Schmidt, Beckie (Quinn, 84. min); Sinclair eta Fleming.

Golak: 1-0, 55. min: Blackstenius.

Epailea: Kate Jacewicz (AUS).