Itxi

Futbola

Ofiziala

Errege Koparen, Superkoparen eta Federazio Koparen formatu aldaketak, konfirmatuta

Erredakzioa

Errege Kopako kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira final-laurdenetara arte. Finalerdiak neurketa bikoitzera (joanekoa eta itzulikoa) izango dira. Finala 2020ko apirilaren 18an jokatuko da.

  • RFEFen Ezohiko Bartzarra. Argazkia: EFE

    Espainiako Futbol Federazioaren Ezohiko Batzar Orokor bateko artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Espainiako Futbol Federazioaren Batzorde Delegatuak asteazken honetan egin du ofizial Errege Kopa, Espainiako Superkopa eta Federazio Kopa txapelketen formatu aldaketak. Gainera, gogoratu du, "txapelketa hauek kudeatzeko ahalmena duen bakarra Espainiako Futbol Federazioa dela".

Aldaketa handiena Errege Kopak izango du, final-laurdenetara arte (hauek barne) partida bakarrera jokatuko baitira kanporaketak, beti maila baxueneko taldearen zelaian jokatuko delarik, zelaiaren egoerak horretarako aukera ematen duenean.

Errege Kopa berria

Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi du, Errege Kopak zortzi kanporaketa izango dituela:

Hasieran, atariko kanporaketa jokatuko da (2019k azaroaren 13an), Lekuko Mailatik sailkatuta dauden 20 taldeen artean. Hamar sailkatuak lehen kanporaketara pasako dira (abenduaren 18an), bertan beste 116 taldek parte hartuko dutelarik. Hau da, talde guztiak sartuko dira lehian, Superkopa jokatuko duten laurak (Bartzelona, Valentzia, Atletico Madril eta Real Madril) izan ezik.

Jokatuko diren 56 kanporaketetatik, 10 Lehen Mailako eta Lekuko Mailetako sailkatutako taldeen artekoak izango dira; beste 28 kanporaketak, Lehen Mailako taldeen, Bigarren Mailakoen, eta beste taldeen artekoak izango dira (Hirugarren Mailako 22 talde, Bigarren B Mailako 2, eta Federazio Kopako lau semifinalistak). Beste 18 kanporaketetan, Bigarren B Mailako 36 talde ariko dira elkarren kontra.

Aurrea egiten duten 56 klubek, bigarren kanporaketa jokatuko dute, 2020ko urtarrilaren 12an. Guztira, 28 neurketa jokatuko dira, posible den arte Lehen eta Bigarren Mailetako taldeak Bigarren B Mailako, Hirugarren Mailako edo Lekuko Mailako taldeen aurka ariko direlarik, eta norgehiagoka maila baxueneko taldearen zelaian egingo delarik.

Final-hamaseirenetan sartuko dira lehian (2020ko urtarrilaren 22an) Superkopa jokatuko duten lau taldeak, Lehen eta Bigarren Mailetako taldeak, ahal denera arte, maila baxuagoko taldeen aurka ariko direlarik, final-zortzirenetan ( 2020ko urtarrilaren 29an) egingo den bezala.

Bestalde, final-laurdenetan (2020ko otsailaren 5ean) erabateko zozketa egingo da, taldeen maila kontuan hartu gabe. Hala ere, kanporaketa, maila baxueneko taldearen zelaian jokatuko da, haren baldintzak zelai horretan jokatzea ahalbidetzen badu.

Finalerdietako kanporaketak partida bikoitzera izango dira (2020ko otsailaren 12an eta martxoaren 4an), zozketa berriro egingo delarik, talde bakoitzaren maila kontuan hartu gabe. Joaneko eta itzuliko neurketak non jokatu diren ere zozketatu egingo da.

Finala 2020ko apirilaren 18an jokatuko da, eta finaleko egoitza zozketa bitartez aukeratuko da.

Espainiako Superkoparen formatu berria

Espainiako Superkopak 'Lauko Finala'ren formatua izango du. Bi finalerdi jokatuko dira partida bakarrera 2020ko urtarrilaren 8an, eta finala urtarrilaren 12an izango da. Bartzelona (Ligako txapelduna), Valentzia (Kopako txapelduna), Atletico Madril (Ligako txapeldunordea) eta Real Madril (Ligako 3. sailkatua) lehiatuko dira.

Superkopako pate-hartzaileak Ligako txapelduna eta txapeldunordea, eta Errege Kopako txapelduna eta txapeldunordea izango dira. Bartzelona Ligako txapelduna eta Kopako txapeldunordea izan zenez, Ligako hirugarren sailkatuak (Real Madrilek kasu honetan) parte hartuko du Superkopan. Finalerdietako kanporaketak erabakitzeko zozketa egingo da.

Espainiako Futbol Federazioak gogorarazi du, "Espainiako Futbol Federazioak erabakiko duela Superkopa non jokatuko den, Espainian zein atzerrian joka daitekeelarik".

Federazio Kopak ere formatua aldatuko du

Azkenik, Federazio Kopak lau kanporaketa eta finala (2019ko abenduaren 5ean) izango ditu. Finalerdietara sailkatzen diren lau taldeak Errege Kopa jokatuko dute.