Itxi

Futbola

Merkatuaren itxiera

Honako hauek izan dira udako merkatuko azken eguneko fitxaketa nagusiak

Erredakzioa

Icardi eta Keylor Navas, PSGra eta Kalinic, Erromara, eguneko mugimendu esanguratsuenetakoen artean.

  • Areola. Argazkia: PSG

    Areola. Argazkia: PSG

Fitxaketen merkatua astelehen honetan itxiko da Europako txapelketa gehienetan, eta Premier Leagueko klubak izan ezik (abuztuaren 8an itxi zuen merkatua), beste guztiak azken orduko irteerak eta fitxaketak kudeatzen aritu izan dira.

Real Madrilek eta PSGk mugimenduak egin dituzte atean. Madrileko taldera Areola atezaina iritsi da, denboraldi baterako utzita. Bestalde, Parisko taldeak Keylor Navas fitxatu du. Gainera, Mauro Icardi aurrelaria ere iritsi da PSGra. Frantziako hiriburuko taldetik alde egin duena Jese izan da, ordea. Espainiarrak Lisboako Sportingen jokatuk du, utzita.

Bartzelonak ere beste protagonistetako bat da, akordiora iritsi baita Celtarekin, Rafinhak utzita joka dezan Vigoko taldean.Gainera, Atletico Madrilek ofizial egin du Kalinicek Erroman jokatuko duela, utzita. Sevillak ere fitxaketak egin ditu azken egunean; Bono atezainarena eta 'Chicharito' Hernandez aurrelariarena, konkretuki.

Euskal taldeen artean, mugimenduak egon dira Realean eta Alavesen. Talde donostiarrak Robert Navarro fitxatu du Monakotik. Lisandro Magallan Alavesera heldu da, Ajaxek utzita. Gainera, Arabako taldeak jakinarazi du Olivier Verdon utzita irtengo dela Eupen talde belgikarrera. Asier Riesgo atezain euskalduna Gironak fitxatu du.

Italiako taldeak ere mugitu dira. Napolik Fernando Llorente fitxatu duela iragarri du, eta Juventusek Han Kwang Song fitxatu du. Milanera, aldiz, Ante Rebic iritsi da Eintracht Franfurtek utzita. Halaber, Andre Silva Eintracht Frankfurtera joan da utzita Milango klubetik. Denboraldi amaieran bi taldeek jokalari bakoitza erosteko derrigorrezko klausula adostu dute.