Itxi

Futbola

Bundesliga

Bayernen eta Dortmunden garaipenak; sasoiko daude astearteko partida handirako

Erredakzioa

Municheko taldeak 5-2 irabazi dio Eintracht Frankfurti, eta Borussia Dortmundek 0-2 hartu du mendean Wolfsburg. Bayernek 4 puntu ateratzen dizkio Dortmundi eta asteartean elkarren aurka ariko dira.

  • Bayern München

    Bayerneko jokalariak Lewandowskik Eintrachti sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Bayern München eta Borussia Dortmund taldeek garaipenak lortu dituzte Bundesligako 27. jardunaldian. Bayern liderra da 61 punturekin eta lau puntuko abantaila du bigarren den Dortmundekiko (57 puntu). Bi talde hauek elkarren aurka ariko dira astearte honetan, 18:30ean, Dortmundeko Signal Iduna Park estadioan. Bundesligako titulua lortzeko partida erabakigarria izan daiteke.

Borussia Dortmundek 0-2ko emaitzarekin hartu du mendean Wolfsburg, Raphael Guerreiroren eta Achraf Hakimiren golei esker. Bestalde, Bayern Münchenek 5-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Eintracht Frankfurten kontra. Leon Goretzka, Thomas Müller, Robert Lewandowski, Alphonso Davies eta Martin Hinteregger (bere atean) izan dira Bayernen golak sartu dituzten jokariak. Hintereggerrek berak sartu ditu Eintrachten golak. Wolfsburg sailkapeneko seigarren postuan da, baina atzetik dituen talde gehienek 27. jardunaldiko partidak jokatu behar dituzte oraindik. Frankfurteko taldea 13. postuan da, baina sailkapenaren behealdean dauden taldeek puntuak lortzen badituzte, jaitsiera saihesteko lehian sartuko a bete-betean.

Bestalde, jardunaldiko neurketa handian, Bayer Leverkusenek 1-3ko emaitzarekin irabazi dio Borussia Mönchengladbachi. Ondorioz, Leverkusengo taldeak aurreratu egin du Gladbach sailkapenean. Bayer Leverkusen 3. postuan da 53 punturekin, eta Borussia Mönchengladbach dago 4. postuan 52 punturekin. Hala ere, Leipzigek igandean garaipena lortuz gero, hirugarren postuan kokatuko da.

Larunbat honetan jokatu diren beste partidetan, Werder Bremen azken-aurreko sailkatuak garaipen garrantzitsua lortu du Friburgen aurka (0-1). Bremengo taldeak postu berean jarraitzen du eta jaitsiera postuan dago, baina jaitsierako promozio postuan dagoen Fortuna Dusseldorfengandik bi puntura kokatu da. Dusseldorfek igandean jokatu behar du 27. jardunaldiko partida. Azken postuan de Paderbornek bana (1-1) berdindu du 9. postuan den Hoffenheimenekin. Paderbornek, Fortuna Dusseldorfek baino bost puntu gutxiago ditu, eta oso zail du mailari eustea.

Ostiralean, Hertha Berlinek 4-0 irabazi zion derbia Union Berlini.