Itxi

Futbola

Bundesliga

Bayernek erakustaldia eman du Dusseldorfen aurka eta garaiezina izaten jarraitzen du

Erredakzioa

Municheko taldeak 5-0eko emaitzarekin lortu du garaipena Fortuna Dusseldorfean aurka. Bayernek gero eta gertuago du Bundesligako titulua eskuratzearen helburua.

  • Robert Lewandowski

    Lewandowski, Dusseldorfi sartu dizkion bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Bayern Munichek 5-0 irabazi dio Fortuna Dusseldorfi larunbat honetan jokatu duen Bundesligako 29. jardunaldiko partida. Lidertza sendotu du Bayernek eta titulua oso gertu du, bigarren den Boussia Dortmund 10 puntura baitago (partida bat gutxiago jokatuta) liga amaitzeko bost jardunaldi falta direnean.

Jorgensenek bere atean sartu du 1-0ekoa, 2-0ekoa Pavardek egin du, Lewandowskik 3-0ekoa eta 4-0ekoa sartu ditu, eta garaipena biribildu duen gola (5-0)  Daviesena izan da. Alvaro Odriozola 62. minutuan zelairatu da, Pavarden ordez.

Bestalde, Schalke 04k burua altxa ezinda jarraitzen du, Bundesliga berriz hasi zenetik laugarren porrota jarraian jaso baitu. Werder Bremenek 0-1 irabazi dio Schalkeri (10. postuan, 37 punturekin). Bremengo taldea azken-aurreko da, jaitsiera postuan dago 25 punturekin, baina bi puntura du jaitsierako promozio postuan dagoen Fortuna Dusseldorf (27 puntu). Gainera, Hoffenheimek (7. postuan, 42 punturekin) 0-1 irabazi dio Mainz 05 taldeari; ondorioz, Werder Bremen salbazioa markatzen duen Mainzengandik (15. ostuan, 28 punturekin) hiru puntura kokatu da.

Larunbateko beste neurketetan, Eintracht Frankfurtek 1-2 irabazi dio Wolfsburgi, eta Hertha Berlinek mendean hartu du Augsburg (2-0). Ostiralean, Bayer Leverkusenek 0-1 irabazi zion Friburgi, eta Leverkusengoak bete-betean sartu dira bigarren posturako borrokan.