Futbola
18:30ean
Osasuna eta Eibar, jaitsierako postuetatik aldendu nahirik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bi taldeek irabazteko premiarekin ekingo diote partidari, ez jaisteko borrokan murgilduta baitaude 19 eta 20 punturekin, hurrenez hurren.
-
Calleri eta Dmitrovic lehen itzuliko neurketan. Argazkia: EFE
Osasunak eta Eibarrek partida garrantzitsua jokatuko dute igande honetan (18:30) bi taldeen interesentzat; izan ere, jaitsiera saihesteko borrokan murgilduta daude biak bigarren itzuliko lehen txanpa honetan.
Osasuna Benito Villamarinen Betisen aurka galdu ostean (1-0) iritsiko da Ligako hogeita bigarren jardunaldira, nahiz eta Jagoba Arrasateren mutilek askoz gehiago merezi izan zuten.
Entrenatzaile bizkaitarraren ustez, partida "oso garrantzitsua da" sailkapenean jauzi bat lortzeko eta hurrengo jardunaldiei begira konfiantza irabazteko, "baina ez final bat",
Irabaziz gero, gorritxoek Eibarren gainetik jarriko lirateke sailkapenean, Alavesen 22 puntuak berdinduz, gasteiztarrek garaipena eskuratu baitzuten Valladoliden aurka (1-0) ostiral honetan.
Armaginek ez dakite zer den gorritxoei Lehen Mailan irabaztea, 2016ko urrian gorengo mailan elkarren aurka lehen aldiz jokatu zutenetik. Ordutik aurrera, izandako emaitzak Osasunaren aldekoak dira gehiago, 2 garaipen eta 3 berdinketa lortu baititu orain arte.
Nafarren aldetik, aste honetako albiste ona Ante Budimir, Lucas Torro eta Aridane taldeko lanera itzuli direla izan da. Arrasatek deialdian sartu ditu hiru jokalariak, Jonas Ramalho heldu berriarekin batera.
Armaginek, bere aldetik, Osasunari lehen aldiz Lehen Mailan irabaztea espero dute, eta Marko Dmtrovic atezaina izango dute atepean.
Atezain serbiarrak min hartu zuen joan zen asteburuko Ligako lehian, eta aste hasieran egindako osasun-azterketek bihurdura zuela antzeman zuten. Hala, tarte batez zelaietatik aldenduta egon beharko zuela bazirudien ere, sendatze-prozesu oso azkarra izan du, eta Jose Luis Mendilibarrek deialdian sartu du eta zelairatzeko moduan egongo da.
Eibarrek puntu bakarreko tartea dauka jaitsiera postuekiko, eta gorritxoak oraindik okerrago daude, 19 punturekin jaitsiera postuetan baitaude. Hartara, eibartarrek puntuak lortu behar dituzte Iruñean, putzura ez erortzeko.
Baja izango direnak, ordea, Kevin Rodrigues eta Rober Correa izango dira, larunbat honetan bertan Eibarrek jakitera eman duenez, biek ere giharretako arazoak baitituzte.Balizko hamaikakoak:
Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai García, David García, Manu Sánchez; Moncayola, Torró, Oier; Roberto Torres, Calleri eta Rubén García.
Eibar: Dmtrovic, Pozo, Oliveira, Bigas, Arbilla, Inui, Expósito, Diop, Bryan Gil, Muto eta Kike García.
Epailea: Jorge Figueroa Vázquez.
Futbol-zelaia: Sadar.
Ordua: 18:30.