Itxi

Futbola

EURO 2020

Ingalaterrak Kroazia gainditu du Wembleyn, Sterlingen gol bakarrarekin (1-0)

M. Y. L. | EITB Media

Southgateren selekzioak mendean hartu du Balkanetako taldea; izan ere, Kroaziari bizitasuna falta izan zaio, nahiz eta neurketaren zati handi batean ingelesen erasoei eutsi dien.

  • Raheem Sterling taldekideekin gola ospatzen

    Raheem Sterling taldekideekin gola ospatzen. Argazkia: EFE

Ingalaterrako selekzioak Kroazia garaitu du igande honetan Raheem Sterlingen gol bakarrarekin (1-0). Zaleek hauspotuta hartu du mendean Balkanetako taldea; izan ere, Kroaziari bizitasuna falta izan zaio, nahiz eta neurketaren zati handi batean ingelesen erasoei eutsi dien.

'Three Lions' taldea arerioa menderatzeko prest atera da Wembley zelaira, eta Kroazia ingelesen erasoaldiei eusteko asmoz. Norgehiagoka hasi bezain laster, Phil Fodenek izan du gola sartzeko lehendabiziko aukera.

6. minutuan, Manchester Cityko jokalari trebeak jaurtiketa egin du arearen ertzetik, Livakovicen atera. Hala ere, lehen ordu-laurdenetik aurrera, Gareth Southgateren mutilek erritmoa jaitsi dute eta Balkanetako taldeari hazten utzi diote, aukera argirik izan ez badu ere.

Aldageletatik igaro ostean, 57. minutuan, Ingalaterrako selekzioak bere lanaren saria jaso du. Luka Modricek urruneko jaurtiketa bat egin ostean, Kalvin Phillipsek Kovacic mendean hartu, Sterlingi pase bikaina bidali eta honek gola egin du.

Golak Southgateren taldea animatu du, eta, minutu pare bat geroago, Harry Kaneri baloia iritsi zaio eta gola sartzeko zorian izan da, baina baloia kanpora bidali eta kolpea hartu du zutoinaren kontra.

Aukera horren ondoren, partida ireki egin da, baina Rebicek ez du norgehiagoka berdintzeko aukera aprobetxatu. Sterlingek ere huts egin du 74.ean, eta horrela bukatu da partida, 1-0. Ondorioz, Ingalaterra D Multzoko lider bihurtu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Ingalaterra: Pickford; Walker, Stones, Mings, Trippier; Rice, Phillips, Mount; Foden (Rashford, 71. min), Sterling (Calvert-Lewin, 92. min) eta Kane (Bellingham, 82. min).

0 - Kroazia: Livakovic; Vrsaljko, Caleta-Car, Vida, Gvardiol; Brozovic (Vlasic, 70. min), Modric, Kovacic (Pasalic, 85. min); Kramaric (Brekalo, 70. min), Rebic (Petkovic, 78. min) eta Perisic.

Gola: 1-0. 57. min: Sterling.

Epailea: Daniele Orsato (ITA). Txartel horia erakutsi die Ingalaterrako Fodeni (64. min) eta Kroaziako Caleta-Carri (42. min), Kovacici (48. min) eta Brozovici (66. min).