Itxi

Futbola

EURO 2020

Herbehereetako selekzioak Ukraina menderatu du partida zirraragarri batean (3-2)

M. Y. L. | EITB MEDIA

Lehen zatian ez da golik egon, baina bigarrenean 5 izan dira; etxekoak 2-0 aurreratu dira, Ukrainak markagailua parekatu du, eta herbeheretarrek 85. minutuan jarri dute markagailua alde.

  • Herbeheretako jokalariak gol bat ospatzen

    Herbeheretako jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Partida itzela egin du Herbehereetako selekzioak zazpi urtez txapelketa handietatik kanpo egon ostean. Lehen zatian ez da golik egon, eta bigarrenean, aldiz, bost egon dira; herbeheretarrak 2-0 aurreratu ziren, Ukrainak 2-2koa jarri du markagailuan, eta etxekoek markagailua alde jarri dute 85.ean (3-2).

Partida erritmo biziarekin hasi da, baloiekin bi areatan, eta bi gizon nabarmendu dira: Memphis Depay aurrelaria selekzio laranjan eta Georgiy Bushchan atezain beste taldean.

Erlojuak aurrera egin ahala, Ukraina eroso sentitzen hasi da atzean, eta Frank de Boerren mutilak pilotaren jabe egin dira, baina etxekoen lehen gola ez da bigarren zatiko 7. minutura arte iritsi.

Denzel Dumfriesen erdiraketa baten ostean izan da. Bushchanek baloia urrundu du, baina Georginio Wijnaldumek aldaratzea hartu eta gola egin du, herbeheretarren hamaikagarren jaurtiketan.

Markagailua alde zuela eta Amsterdamgo Johan Cruyff estadioan ikusleen berotasuna lagun, Herbehereetako taldeak sei minutu behar izan ditu bigarrena egiteko. Wout Weghorstek Andrei Schevtxenkoren taldearen atera bidali du baloia.

Ukraina amore ematen ari zela zirudienean, Andriy Yarmolenko beteranoa agertu da. Arearen aurrealdea zeharkatu, angelua aurkitu eta Maarten Stekelenburg gainditu du, jaurtiketa ederra eginez.

Yarmolenkok aldaketa eskatu du golaren ostean, baina ordurako berpiztuta zegoen bere taldea, eta bi minutu geroago berdinketaren gola iritsi da, Roman Yaremchukek buruz errematatu duen erdiraketa batekin.

Ezustekoak ez ditu De Boerren mutilak geldiarazi, eta Denzel Dumfriesen burukada bati esker lortu dute garaipena.

Fitxa teknikoa:

3 - Herbehereak: Maarten Stekelenburg; Patrick van Aanholt (Owen Wijndal, 64. min), Daley Blind (Nathan Ake), Stefan de Vrij, Jurriën Timber (Joël Veltman, 88. min), Denzel Dumfries; Frenkie de Jong, Georginio Wijnaldum, Marteen de Roon; Wout Weghorst (Luuk de Jong, 88. min) eta Memphis Depay (Donyell Malen, 91. min).

2 - Ukraina: Georgiy Bushchan; Vitaliy Mykolenko, Matviyenko Matviyenko, Zabarnyi, Ilya Karavaev; Olexandr Zinchenko, Serhiy Sydorchuk, Ruslan Malinovskyi, Oleksandr Zubkov (Marlos, 13. min; Mykola Chaparenko, 64. min), Andriy Yarmolenko eta Roman Yaremchuk.

Golak: 1-0, 52. min: Georginio Wijnaldum; 2-0, 59. min: Wout Weghorst; 2-1, 75. min: Andriy Yarmolenko; 2-2, 79. min: Roman Yaremchuk; 3-2, 85. min: Denzel Dumfries.

Epailea: Felix Brych (GER). Txartel horia erakutsi dio Serhiy Sydorchuk ukrainarrari (93. min).