Publizitatea
Itxi

2021/06/19

19:43

Futbola

2. JARDUNALDIA (F MULTZOA)

Hungariak eta Frantziak berdindu egin dute Budapesten (1-1)

A. A. | EITB MEDIA

Hungariako selekzioak puntu bat eskuratu du, eta oraindik aukerak ditu F multzoan aurrera egiteko, nahiz eta munduko txapelduna nagusi izan den norgehiagokan zehar.

  • Attila Fiola (Hungaria) eta Benjamin Pavard (Frantzia).

    Attila Fiola (Hungaria) eta Benjamin Pavard (Frantzia) baloi baten lehian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hungariak berdinketa garrantzitsua lortu du gehiegi barkatu duen Frantziaren aurka (1-1). Hala, emaitza horrek gauzak estutzen ditu F multzoan, eta itxaropena pizten du Marco Rossiren taldean final-zortzirenetara sailkatzeko ametsean.

Didier Deschampsen taldeak baloiaren jabetza eta aukerak monopolizatu ditu Griezmann, Mbappe eta Benzemak osatutako hirukote beldurgarriarekin. Bartzelonakoak bidali du lehen abisua, jokoz kanpo egoteagatik baliogabetutako gol batekin. Handik gutxira, PSGko aurrelariak jarraipena eman dio lehen zatiko ordu erdia bete denean, kapela kentzeko jokaldi batekin.

Geroxeago, Mbappek Benzemari pase bikaina eman dio, baina Real Madrileko aurrelariak ez du oparia aprobetxatu. Hala, gola iristen ez bazen ere, frantziarren kontrola erabatekoa zen.

Bitartean, hungariarrek Ádám Szalai kapitain beteranoaren (33 urte) baja izan dute, zelaitik atera behar izan baitu kolpe baten ondoren zorabiatuta zegoelako.

Alabaina, horrek ez dio kalte handirik eragin Rossi italiarrak zuzendutako selekzioari, saria jaso baitu lehen zatiaren amaiera aldera eraikitako kontraeraso batean. Fiola area barruan sartu da Sallairekin hormarena egin ostean. Varane berandu iritsi da eta hegalekoak Llorisen ateko sareetara bidali du baloia, aurrelari baten odol hotzarekin.

Lehen abagunea, eta Hungariaren lehendabiziko gola iritsi da. Bide batez, Frantziako selekzioari azken sei neurketetan sartu dioten lehen gola izan da.

Bigarren zatian, Deschampsen mutilek presioa aurreratu dute, baina etxekoak ez dira zimurtu eta arriskuz betetako kontraerasoekin erantzun dute.

59. minutuan, Rabioten ordez zelairatu berria zen Dembelek zutoinera bidali du baloia. Bera izan da frantziarren aldetik bigarren zatiko jokalaririk onena, baina Bartzelonako jokalariak zelaia utzi behar izan du 87. minutuan, giharretako lesio baten ondorioz.

Frantziarren berdinketaren gola zorioneko jokaldi batean iritsi da. Llorisek ateko sake luze bat atera du, hungariarren defentsa urruntzeko gai izan ez dena. Hartara, baloia Mbapperengana iritsi da, eta hark area barruan jarri du. Atzelari batengan jo ostean, hilda geratu da eta Griezmannek gola sartu du gogor jaurtita.

Horren ostean, partida erotu egin da. Hungariarrak euren aukeren bila ibili dira, emaitzarekin espekulatu gabe: jokatzen saiatuz, teknikoki jokalari mugatuagoak izan arren, eta munduko txapeldunei aurre eginez.

Mbappek area barruan egindako beste jokaldi azkar batek Gulacsik aldendu duen beste saiakera batekin amaitu da. Berriro ere, Portugalen gertatu legez, Leipzig RB taldeko atezaina bere taldeko onenetakoa izan da, eta berdinketa historikoa lortzeko ezinbestekoa.

Fitxa teknikoa:

1 - Hungaria: Gulácsi; Botka, Orbán, Szalai A.; Négo, Kleinheisler (Lovrencsics, 84. min), Nagy, Schäfer (Cseri, 75. min), Fiola; Szalai Á. (Nikolic, 26. min) eta Sallai.

1 - Frantzia: Lloris; Pavard, Varane, Kimpembe, Digne; Pogba (Tolisso, 76. min), Kanté, Rabiot (Dembélé, 57. min (Lemar, min. 87)); Benzema (Giroud, 76. min), Griezmann eta Mbappé.

Golak: 1-0, 47. min: Fiola; 1-1, 66. min: Griezmann.

Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Txartel horiak: Botka (Hungaria); Pavard (Frantzia).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;