Publizitatea
Itxi

2021/06/29

19:53

Futbola

EURO 2020

Ingalaterra Eurokopako final-laurdenetara sailkatu da Alemania mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Ingalaterrako selekzioak garaipena lortu du Alemaniaren aurka (2-0) Eurokopako final-zortzirenetako partidan.

  • Sterling

    Sterling, Ingalaterrarekin Alemaniari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ingalaterrak Eurokopako final-laurdenetarako txartela eskuratu du astearte honetan, final-zortzirenetako partidan Alemania 2-0eko emaitzarekin mendean hartuta. Selekzio alemaniarra txapelketatik at geratu da.

Alemania izan da baloiaren jabe lehen hamabost minutuetan, eta arriskua eraman du Ingalaterraren ate ingurura, baina abagune argirik sortu gabe. Ingalaterra ezinean ibili da hasieran, baina 16. minutuan gola sartzeko aukera izan du; Neuer atezainak, ordea, erantzun ona eman dio Sterlingen jaurtiketari. 27. minutuan, beste abagune argi bat izan dute ingelesek, baina Maguirek ez du asmatu errematean. Alemaniaren erantzuna sei minutu geroago iritsi da, Wernerrek Pickford atezainaren aurrean huts egin duen buruz buruko batean. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Ingalaterrak alferrik galdu du aldageletara aurretik joateko abagune bikaina: Kane ez da erne egon area barruan solte geratu den baloia sare barrura bultzatzeko, eta Hummelsi aldentzeko denbora eman dio.

Bigarren zatiaren hasieran, Pickford atezainak Alemaniaren gola eragotzi du, Havertzen jaurtiketa onari erantzun bikaina emanda. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, eta bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Halere, 75. minutuan, Ingalaterrak jokaldi ona lotu du, Walkerrek pasea eman du area barrura, eta Sterlingek 1-0ekoa jarri du markagailuan.

Bost minutu geroago izan du Alemaniak neurketa berdintzeko aukera ezin hobea. Muller bakarrik geratu da Pickford atezainaren aurrean, baina jaurtiketa kanpora joan zaio, baloia gehiegi gurutzatu baitu. Alemaniak barkatu egin du, eta, 85. minutuan, Ingalaterrak lehia erabakita utzi du, Kanek sartu duen golari esker (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 - Ingalaterra: Pickford; Walker, Maguire, Stones; Trippier, Philips, Rice (Henderson, 88. min), Shaw; Saka (Grealish 69. min), Kane eta Sterling.

0 - Alemania: Neuer; Ginter (Can, 88. min), Hummels, Rüdiger; Kimmich, Kroos, Goretzka, Gosens (Sane, 88. min); Havertz, Müller (Musiala, 91. min) eta Werner (Gnabry, 69. min).

Golak: 1-0, Sterling, 75. min. 2-0, Kane, 85. min.

Epailea: Danny Mekkelie (NL). Txartel horiak atera dizkie Rice (8. min), Philips (45. min) eta Maguire (77. min) Ingalaterrako jokalariei, baita Ginter (25. min) eta Gosens (72. min) Alemaniako futbolariei ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;