Publizitatea
Itxi

2021/07/07

00:09

Futbola

EURO 2020

Italiak Eurokopako finalerako txartela lortu du Espainia penaltietan mendean hartuta

A. B.E. | EITB Media

Espainiaren eta Italiaren arteko finalerdia penalti jaurtiketen bidez erabaki da, neurketa eta luzapena bana (1-1) berdinduta amaitu ostean. Italiarrak hobeak izan dira penaltietan eta finalera sailkatu dira.

  • Italia - Espainia

    Italia - Espainia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Italiak Eurokopako finala jokatuko du datorren igandean eta txapeldun izateko aukera izango du, Wembleyn (Londres) jokatutako finalerdian Espainiari penaltietan irabazi ostean. Italiarren eta espainiarren arteko neurketa bana berdinduta (1-1) amaitu da, luzapenean bi taldeetako bat ere ez da gola sartzeko gai izan, eta penalti jaurtiketetan Italiak lortu du finalerako txartela (4-2)

Italia erasokor zelairatu da, baina Espainiak aurkariaren presioa gainditzen jakin du eta baloiaren jabe egin da. Lehen zatia abagune gutxikoa izan da. Neurketako 21. minutuan Unai Simon Espainiako atezainak irteera txarra egin du, baina Italiak ezin izan du hutsa baliatu. Lau minutu beranduago, Donnarumma Italiako atezainak Espainiaren gola eragotzi du, Dani Olmoren jaurtiketa desbideratuta. Atsedenaldira iritsi orduko, Italia gola sartzetik gertu egon da, baina Emersonen jaurtiketa kanpora joan da, langa jo ostean.

Bigarren zatiaren hasieran Espainia egin da baloiaren jabe eta Busquetsek eman du lehen abisua, gora bota duen jaurtiketa baten bidez. Neurketako 60. minutuan, ordea, Italiak kontraerasoa antolatu du, baloia Chiesak hartu du area inguruan, eta maisuki baloia sare barruan sartu du (1-0), Unai Simon gaindituta.

Gola hartu ostean Espainiak erasora jo du berdinketa bilatzeko asmoz. Mikel Oyarzabalek norgehiagoka berdintzeko abagune argia izan du, nahiz eta ez den errematea egitera iritsi Donnarumma atezainaren aurrean egon den arren. Ondoren, Berardik alferrik galdu du bigarren gola sartu eta garaipena bideratzeko aukera. Espainiako selekzioak erasora jo du itsu-itsuan eta 79. minutuan gola sartu du; jokaldi ona egin dute espainiarrek, Dani Olmok pase sartu du areara, eta Moratak banakoa jarri du markagailuan (1-1). Epaileak amaiera adierazi duenean bi taldeetako batek ere ez du beste gol bat sartzea lortu eta neurketak luzapena behar izan du.

Luzapeneko lehen zatian Espainia izan da erasokor jokatu duena eta Italia atzean sartuta egon da. Selekzio espainiarrak izan du luzapeneko lehen zatiko abagune bakarra jokaldi nahasi baten ostean, baina inor ez da errematea egiteko gai izan. Bigarren zatian Italiak gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, Berardi jokoz kanpo egon baita errematea egin duenean. Luzapenaren amaieran, partidaren emaitza ez da aldatu (1-1), eta penaltietan erabaki da irabazlea.

Italiako selekzioa hasi da jaurtitzen eta Unai Simonek penaltia gelditu dio Locatelliri. Jarraian, Dani Olmok huts egin du jaurtiketa langa gainetik kanpora bidalita. Bellotik eta Bonuccik hurrengo bi penaltiak sartu dituzte Italiarentzat, eta gauza bera egin du Gerard Morenok eta Thiagok Espainiarentzat. Bernardeschik ez du barkatu eta Italia aurretik jarri du. Morataren jaurtiketa Donnarummak gelditu du, eta Jorginhok gola sartu duenez bosgarren jaurtiketan, italiarrek erdietsi dute garaipena

Fitxa teknikoa:

1 - Italia: Donnarumma; Di Lorenzo, Bonucci, Chiellini, Emerson (Toloi, 74. min); Barella (Locatelli, 85. min), Jorginho, Verratti (Pessina, 74. min); Insigne (Belotti, 85. min), Chiesa (Bernardeschi, 107. min) eta Immobile (Berardi, 62. min).

1 - Espainia: Unai Simón; Azpilicueta (Marcos Llorente, 85. min), Eric García (Pau Torres, 109. min), Laporte, Jordi Alba; Busquets (Thiago, 106. min); Koke (Rodri, 70. min), Pedri; Dani Olmo, Ferran Torres (Morata, 62. min) eta Oyarzabal (Gerard Moreno, 70. min).

Golak: 1-0, 60. min: Chiesa. 1-1, 80. min: Morata.

Penalti jaurtiketak: Locatelli: hust (0-0). Olmo: huts (0-0). Belotti: gola (1-0). Gerard Moreno: gola (1-1). Bonucci: gola (2-1). Thiago: gola (2-2). Bernardeschi: gola (3-2). Morata: huts (3-2). Jorginho: gola (4-2).

Epailea: Felix Brych (Alemania). Txartel horiak atera dizkie Busquets (51. min) Espainiako jokalariari; baita Toloi (97. min) eta Bonucci (118. min) Italiako futbolariei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;