Itxi

Futbola

B. Dortmund mendean hartuta

Bayern Munich, Alemaniako Superkopako txapeldun

A. B. E. | EITB Media

Bayernek Borussia Dortmund hartu du mendean finalean, 1-3ko emaitzarekin. Lewandowskik bi gol sartu ditu, eta Müllerrek bat, Municheko taldearentzat. Reus izan da Dortmundeko taldeko golegilea.

  • Bayern Munich

    Bayern Municheko jokalariak, titulua ospatzen, Superkopako garaikurra lurrean dutela. Argazkia: EFE

Bayern Munichek Alemaniako Superkopa irabazi du, astearte honetan Signal Iduna Park futbol-zelaian jokatu den finalean Borussia Dortmund mendean hartuta (1-3).

Erritmo bizia izan du norgehiagokak, bi taldeak jarrera erasokorra azaldu baitute hasieratik. Comanek abagune argia alferrik galdu du 13. minutuan Bayernentzat, eta Neuer atezainak Borussia Dortmunden gola eragotzi du, Resusen errematea desbideratuta. Neurketako 35. minutuan epaileak Mokoukoren gola baliogabetu du, Borussia Dortmundeko aurrelaria jokoz kanpo zegoelako. Bost minutu geroago, 41. minutuan, Robert Lewandowskik 0-1ekoa sartu du, Comanen erdiraketa sare barrura errematatuta.

Bigarren zatiaren hasieran, 50. minutuan, Bayernek bigarren gola sartu du; Müller izan da golegilea (0-2). Beste gol bat jaso arren, Borussia Dortmundek ez du etsi. Haalandek gola sartu du, baina norvegiarra jokoz kanpo zegoen baloia jaso duenean, eta epaileak baliogabetu egin du gola. Hala ere, desabantaila murrizteko lanean jarraitu du Dortmundeko taldeak, eta helburua lortu du, 64. minutuan, Reusek gol ikusgarria egin baitu (1-2).

Golak hauspotu egin du Borussia Dortmund, eta Bayern Munich atzean sartzea lortu du. Borussiak ez du momentu ona baliatu, huts larria egin du baloia ateratzen ari zenean, 74. minutuan, baloia Lewandowskik jaso du area barruan, eta aise gainditu du Kobel atezaina (1-3).

Bayernen hirugarren golak partida erabakita utzi du, eta titulua eman dio Municheko taldeari.

Fitxa teknikoa:

1 - Borussia Dortmund: Gregor Kobel; Felix Passlack (Marius Wolf, 84. min), Axel Witsel, Manuel Akanji, Nico Schulz; Jude Bellingham (Reinier, 84. min), Mahmoud Dahoud, Giovanni Reyna (Marco Pasalic, 78. min); Marco Reus, Youssoufa Moukoko (Donyell Malen, 58. min) eta Erling Haaland.

3 - Bayern Munich: Manuel Neuer; Josip Stanisic (Bouna Sarr, 88. min), Dayot Upamecano, Niklas Suele, Alphonso Davies; Joshua Kimmich, Leon Goretzka; Kingsley Coman (Leroy Sane, 49. min), Thomas Muller (Jamal Musiala, 73. min), Serge Gnabry (Corentin Tolisso, 73. min); eta Robert Lewandowski (Maxim Choupo Moting, 88. min).

Golak: 0-1, 41. min: Lewandowski; 0-2, 50. min: Thomas Muller; 1-2, 64. min: Marco Reus; 1-3, 74. min: Lewandowski.

Epailea: Sascha Stegemann. Txartel horiak atera dizkie Niklas Sule eta Leroy Sane Bayern Municheko jokalariei, baita Marco Reus eta Mahmoud Dahoud Borussia Dortmundeko futbolariei ere.