Futbola
FIFAren zigorra
Bi partidako zigorra ezarri diote Hungariari, Ingalaterraren aurkako partidan eman ziren irain arrazistengatik
EITB Media
2022ko Munduko Txapelketara sailkatzeko ligaxkan etxean jokatzen dituen bi partida zalerik gabe jokatu beharko ditu Hungariako selekzioak. FIFAk zigor hori ezarri dio, Sterling eta Bellingham jokalari ingelesek irain arrazistak jaso baitzituzten irailaren 2an Budapesten jokatu zen neurketan.
-
Hungariako zaleak, PuskasArenako harmailetan, Ingalaterraren aurkako partidan. Argazkia: EFE
FIFAren Diziplina Batzordeak bi partidako zigorra ezarri dio Hungariari, 2022ko Munduko Txapelketara sailkatzeko Ingalaterraren aurkako partidan jokalari ingelesek zale hungariarren irain arrazistak jaso zituztelako. Ondorioz, bi partida harmailetan zalerik ez dela jokatu beharko ditu selekzio hungariarrak.
Hungariaren eta Ingalaterraren arteko norgehiagoka irailaren 2an jokatu zen Budapesteko Puskas Arenan. Selekzio ingeleseko Raheem Sterling eta Jude Bellingham jokalariek irain arrazistak jaso zituzten zale hungariarren aldetik. Eurokopan Budapesten jokatu ziren partidetan ere antzeko gertakariak jaso ziren, eta UEFAk ateak itxita jokatu beharreko hiru partidako zigorra ezarri zion.
"Eman ziren gertakari larri (irain arrazistak, objektuen jaurtiketak, bengalak piztea, eskaileren blokeoa) guztiak aztertu ostean, Diziplina Batzordeak erabaki du, Hungariako selekzioak FIFAren txapelketetan etxean jokatu behar dituen hurrengo bi partidak publikorik gabe jokatu beharko dituela", jakinarazi du FIFAk komunikatu baten bidez.
Gainera, FIFAk argi utzi du zero tolerantzia duela arrazismoaren aurrean.