Itxi

Futbola

Zozketa

Athletic - Real Madril eta Reala - Betis, Errege Kopako final-laurdenetan

EITB MEDIA

Bi partidak ostegunean, otsailak 3, jokatuko dira. Beste bi partidak, Valentzia - Cadiz eta Rayo - Mallorca, aurreko egunean jokatuko dira.

  • Errege Kopako final-laurdenetako kanporaketak

    Errege Kopako final-laurdenetako kanporaketak. Irudia: @RFEF

Eguerdian Madrilen egindako zozketaren arabera, Athleticek Real Madril izango du aurkari Errege Kopako final-laurdenetan, eta Realak, berriz, Betis. Marcelinoren taldeak ostegunean, otsailak 3 , jokatuko du San Mamesen, 21:30etik aurrera; Imanolenak, berriz, egun berean, baina 20:00etan, Anoetan. 

Kanporaketak partida bakarrera erabakiko dira.

Horrela, Athleticek San Mamesen hartuko du Real Madril, iragan igandean Superkopa irabazi zion taldea. Bi taldeek 2006an neurtu zituzten indarrak azkenengoz Kopan. Orduan final-zortzirenetan jokatu zuten elkarren kontra, eta madrildarrak gailendu ziren.

Final-laurdenetara iristeko, bilbotarrek Atletico Mancha Real (RFEFko Bigarren mailako taldea) eta Bartzelona (egungo txapelduna) kanporatu dituzte. Partida gogorra jokatu zuten kataluniarren aurka (luzapena jokatu behar izan zuten), eta 3-2 atera ziren garaile azkenean, Iker Muniainen bi golei eta Iñigo Martinezen beste bati esker.

Realari dagokionez, donostiarrek Panaderia Pulido, Zamora, Leganes eta Atletico Madril taldeak kanporatu ondoren jokatuko dituzte final-laurdenak. Simeoneren taldea faboritoetako bat zen, baina txuri-urdinek partida bikaina eginda kanporatu zuten asteazkenean, San Sebastian egunaren bezperan, Januzajen eta Sorlothen golei esker.

Final-laurdenak partida bakarrean erabakiko diren azken kanporaketa izango dira, finalerdietan bina partida jokatuko dituztelako. Talde guztiak lehen mailakoak direnez, zozketan lehenengo atera den taldearen etxean jokatuko dira final-laurdenetako partidak.

ERREGE KOPAKO FINAL-LAURDENETAKO KANPORAKETAK

Asteazkena, otsailak 2

20:00 Rayo Vallecano - Mallorca

21:00 Valentzia - Cadiz

Osteguna, otsailak 3

20:00 Reala - Betis

21:30 Athletic - Real Madril

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena