Itxi

Athletic Club

3-2

Athleticek luzapenean menderatu du Bartzelona, eta Errege Kopako final-laurdenak jokatuko ditu

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak 3-2ko emaitzarekin irabazi du Barçaren aurka San Mamesen jokatu duen Errege Kopako final-zortzirenetako neurketa.

9:26
Iker Muniain

Athleticek Errege Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du ostegun honetan Bartzelona 3-2 menderatuta San Mamesen jokatu den final-zortzirenetako partidan.

Ondo hasi da neurketa Athleticentzat, 2. minutuan Muniainek gola sartu baitu (1-0); Nico Williamsek ezker hegaletik pasea eman, Oihan Sancet ez da errematea egitera iritsi, Muniainek jaso du baloia, eta jaurtiketa loratu batekin gainditu du Ter Stegen atezaina.

Lehen gola sartu ostean, talde zuri-gorriak erasora jo du, eta gertu izan du bigarren gola, baina Nico Williamsek ezin izan du errematea ondo egin Yuriren pasea jaso ostean. Lehen ordu laurden ona egin du Athleticek. Hala ere, 20. minutuan, Bartzelonak neurketa berdintzea lortu du partidan izan duen lehen abagunean. Ferran Torresek area kanpotik jaurti eta banakoa jarri du markagailuan (1-1).

Barçak gola sartu ostean, 25. minutuan, Athleticek abagune argia izan du, baina De Marcosek zerura bidali du jaurtiketa, Raul Garciak pase ezin hobea eman dion arren. Bi minutu geroago, Nico Williamsek atzean utzi du Jordi Alba, erdiraketa egin du eta Muniainek buruz egindako errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Ekinean jarraitu du talde zuri-gorriak, eta, 32. minutuan, Ter Stegenek eragotzi du Athleticen gola, Nico Williamsen jaurtiketa gurutzatua desbideratuta.

Atsedenaldira iritsi aurretik, beste bi abagune garbi izan ditu Bilboko taldeak: batean, Piquek oztopatu du Sancetek area barrutik egindako jaurtiketa indartsua; bestean, korner baten irteeran, Dani Garciak buruz egindako errematea atepetik atera du Ter Stegen atezainak, Raul Garciak ukitu ostean.

Bigarren zatiaren hasieran, 48. minutuan, Sancetek min hartu du belaunean, erasoko jokaldi batean, eta ezin izan du jarraitu; Iñaki Williamsek ordezkatu du. Albiste txarra jaso duen arren, Athleticek erasokor jokatzen jarraitu du. Williams anaien artean egindako jokaldi batean iritsi da zuri-gorriek bigarren zatian izan duten lehen abagunea, baina azken errematea Ter Stegenek gelditu du. Ondoren, 62. minutuan, Nicok egin duen erdiraketa Iñakik errematatu du, eta baloia kanpora joan da langaren gainetik.

Bartzelonari kostatu egin zaio talde zuri-gorriaren presioa gainditzea eta abaguneak sortzea. Athleticek kontraerasoen bidez eraman du arriskua aurkariaren ate ingurura. Partidako 83. minutuan, Iñaki Williamsek jokaldi ona egin du eskuin hegaletik, eta jaurtiketa langara bidali du. Bi minutu geroago, Muniainek falta atera du, Berenguerrek errematea egin, Ter Stegenek desbideratu, eta Iñigo Martinezek, atepean, sare barrura bultzatu du baloia (2-1).

Barçak ezer gutxi egin du erasoan, baina Pedrik gola sartu du (2-2) azken minutuan, area barrutik jaurtiketa eginda. Talde bisitariak luzapena behartu du horrela.

Athleticek izan du luzapeneko lehen abagunea, baina Iñaki Williamsen jaurtiketa kanpora joan da, langa urratuta. Barçaren erantzuna 103. minutuan iritsi da, baina Agirrezabalak gelditu egin du Desten jaurtiketa. Luzapeneko lehen zatia amaitzear zenean, Nico Williamsek hegaletik erdiratu, eta Jordi Albak eskuarekin desbideratu du baloia area barruan. Horren aurrean, epaileak zuri-gorrien aldeko penaltia adierazi du, VAR sistema kontsultatu ostean. Muniainek sare barrura bidali du baloia penalti puntutik (3-2).

Luzapeneko bigarren zatian, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu. Barça erasora jotzen saiatu da, baina Athleticek bikain eutsi dio, eta talde zuri-gorriak lortu du garaipena (3-2).

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos (Lekue, 106. min), Vivian, Iñigo Martinez, Yuri (Balenziaga, 91. min); Nico Williams (Zarraga, 110. min), Dani Garcia, Vesga (Nolaskoain, 114. min), Muniain; Sancet (Iñaki Williams, 51. min) eta Raul Garcia (Berenguer, 79. min).

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Alves, Araujo, Pique, Jordi Alba; Sergio Busquets, Pedri (Braithwaite, 106. min), Gavi (Frenkie de Jong, 60. min); Ferran Torres, Jutgla (Ansu Fati, 60. min; Dest, 95. min) eta Abde (Nico, 46. min).

Golak: 1-0, 2. min: Muniain. 1-1, 20. min: Ferran Torres. 2-1, 86. min: Iñigo Martinez. 2-2, 92. min: Pedri. 3-2, 106. min: Muniain, penaltiz.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera die Dani Garcia (30. min), De Marcos (104. min) eta Iñaki Williams (119. min) Athleticeko jokalariei, baita Pique (75. min), Pedri (97. min), De Jong (104. min) eta Jordi Alba (104. min) Bartzelonako futbolariei ere. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena