Itxi

Futbola

EUSKAL DERBIA

Athleticek irabazi egin dio Osasunari, eta Europarako aukerekin iritsiko dira azken jardunaldira bilbotarrak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Berenguerren eta Villalibreren golei esker bereganatu dute euskal derbia zuri-gorriek, eta Realak Vila-reali irabazi dionez, bizkaitarrek puntu bakarrera dute Konferentzia Ligarako sailkatzeko aukera.

0
Athletic vs Osasuna: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek 2-0 irabazi dio Osasunari San Mamesen jokatutako bilbotarren eta nafarren arteko euskal derbia, eta, hartara, zuri-gorriak Konferentzia Ligara sailkatzeko aukerekin iritsiko dira Santander Ligako azken jardunaldira, Realak 1-2 garaitu baitu Vila-real.

Bilbotarrek hobeto ekin diote neurketari, goian presionatuz eta nafarren baloi irteera oztopatuz. Hala, jokaldi arriskutsu anitz sortu dituzte Marcelinoren jokalariek, batez ere Iñaki Williamsen oinetan, baina Sergio Herrerak ondo erantzun die aurrelari zuri-gorriaren jaurtiketei.

Lehen zatiko 20. minutuan, Raul Garciak min hartu eta aldaketa eskatu behar izan du. Haren lekua Alex Berenguerrek hartu du, eta aldaketa garrantzitsua izan da etxekoentzat, hamar minutu geroago Berenguer bera izan baita neurketako lehen gola sartu duena.

Izan ere, zuri-gorriek korner bat atera dute ura edateko geldialdiaren ostean, eta Muniainek area barruan jarritako erdiraketa ederra burukada paregabearekin bidali du sareetara aurrelari nafarrak, Brasanaci jauzian irabazi eta gero.

Golaren ostean, jokoaren aginteak etxekoena izaten jarraitu du. Dena den, 40. minutuan, Nico Williamsen lesionatu egin da, eta, horren aurrean, Athleticen entrenatzaileak aldaketarik ez egitea erabaki du, beste aldaketa-txanda bat ez erabiltzeko. Beraz, bilbotarrak 10 jokalarirekin aritu dira lehen zatiko azken txanpan (epaileak 6 minutuko luzapena ezarri du), eta egoera hori aprobetxatu dute Jagoba Arrasaterenek lehen aldiz jokoaren jabetza bereganatzeko. Hala ere, ezin izan dute markagailua orekatu, eta atsedenaldira Athletic joan da aurretik.

Aldageletatik bueltan, Villalibre zelairatu da Nico Williamsen ordez. Osasunak ere bi aldaketa egiteko baliatu du tarte hori: Chimy Avila eta Javi Martinez kendu ditu Arrasatek, Kike Garcia eta Kike Barja ateratzeko.

Aldaketa horiek mesede egin diete gorritxoei, eta nagusi izan dir bigarren zatiko zati handi batean. Horren adierazle Budimerrek izandako parada garbia berdinketa erdiesteko. Ordea, kroaziarraren erremateak Unai Simonen langaren gainetik alde egin du. Osasunako aurrelariak beste abagune bat ere kateatu du geroago, baina orduko horretan geldiketa ona egin dio Simonek.

Osasunarena izan da bigarren zatiko baloi-jabetza, baina gola berriro ere etxekoena izan da. 80. minutuan kontraeraso azkar bat antolatu dute eskuin hegaletik, Williamsen abiadurari ezker. Hark primeran erdiratu du bigarren zutoinera, eta Villalibrek ez du barkatu bilbotarren bigarrena erdiesteko.

Marcelinok Ander Capa zelairatu du partidako azken bost minutuetan parte har zezan. Horrenbestez, Portugaleteko eskuin hegalekoak denboraldiko lehen minutuak jokatu ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Yuri; Nico Williams (Villalibre, 46. min), Vencedor (Zarraga, 67. min), Dani García (Petxarroman, 67. min), Muniain; Raúl García (Berenguer, 19. min) et Iñaki Williams (Capa, 87. min).

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal (Roberto Torres, 83. min), Aridane, Juan Cruz, Manu Sánchez; Moncayola, Íñigo Pérez (Rubén García, 67. min), Darko (Oier Sanjurjo. 83. min, Javi Martínez (Kike Barja, 46. min); Chimy Ávila (Kike García, 46. min) eta Budimir.

Golak: 1-0, 33. min: Berenguer. 2-0, 79. min: Villalibre.

Epailea: Jorge Figueroa Vázquez. Ez du txartel horirik erakutsi.