Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak puntu bat eskuratu du Getaferen aurka berdinduta (1-1)

EITB Media

Talde gorritxoak berdindu egin du Sadarren jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida. Osasunak sartu du lehen gola, Oierren bidez, baina Getafek markagailua berdintzea lortu du Torrok bere atean sartu duen golari esker.

0
Osasuna vs Getafe: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Osasunak berdindu egin du Getaferen aurka (1-1) asteazken honetan (maiatzak 11) Sadarren jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida, eta puntu bat eskuratu du.

Bizi ekin dio lehiari Osasunak, eta gola sartu du bederatzigarren minutuan; Oier Sanjurjok jarri du 1-0ekoa markagailuan, Ruben Garciaren erdiraketa errematatu eta baloia ate barruan sartuta.

Hasiera ona eman dio neurketari talde gorritxoak, baina Getafek markagailua berdintzea lortu du 20. minutuan, Lucas Torrok bere atean gola sartuta (1-1). Torrok baloia aldendu nahi zuen, baina bere atean sartu du.

Berdinketaren ostean, Getafe suspertu egin da eta Olivera gola sartzetik gertu egon da, baina David Garciak eragotzi du Madrilgo taldea aurretik jartzea, eta Oliverak eta Maksimovicek zailtasunetan jarri dute Osasuna. Hala ere, neurketa bana berdinduta iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatian, partidaren erritmoa motelagoa izan da, eta abaguneak urriak izan dira. Norgehiagokako 89. minutuan, Mitrovicek txartel gorria ikusi du, eta, ondorioz, Getafe jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Orduan jo du erasora Osasunak, baina beranduegi izan da, eta partida berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Osasuna: Juan Perez; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz; Torres (Darko, 71. min), Oier (Moncayola, 71. min), Lucas Torro (Barbero, 90. min), Ruben Garcia (Kike Barja, 80. min); Kike Garcia (Budimir, 71. min) eta Chimy Avila.

1 – Getafe: David Soria; Djene, Mitrovic, Cuenca; Iglesias (Damián, 94. min), Florentino (Oscar Rodriguez, 71. min) Maksimovic, Arambarri, Olivera; Unal (Sandro, 94. min) eta Mayoral (Okay, 90. min).

Golak: 1-0, 9. min: Oier. 1-1, 20. min: Lucas Torro (b.a.).

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Chimy Avila eta Kike Garcia Osasunako jokalariei, eta Cuenca, Mitrovic, Arambarri eta Soria Getafekoei. Mitrovicek txartel gorria ikusi du 89. minutuan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena