Itxi

Futbola

Negreira auzia

Espainiako Futbol Federazioa ere pertsonatu egingo da Negreira auzian

EITB MEDIA

Bartzelonako Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak Bartzelonak Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteorde ohiari egindako ordainketengatik Fiskaltzak jarritako salaketa tramitera onartu du; biharamunean, Espainiako Futbol Federazioak auzian pertsonatuko dela iragarri du.

  • Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioaren presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioaren presidentea, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Espainiako Futbol Federazioak (EFF) Negreira auziko prozeduran parte hartuko duela iragarri du, "Bartzelonako Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak Jose Maria Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteorde ohiari Bartzelona taldeak egindako ordainketengatik Fiskaltzak jarritako salaketa tramitera onartu ondoren".

EFFk ohar ofizial batean jakinarazi duenez, "UEFAko Osotasun zuzendariari bidali dizkio Federazioaren Osotasun Sailaren txostena, bai eta idazkiaren euskarri den dokumentazio guztia ere".

EFFren esanetan, hasiera-hasieratik ari da lankidetzan agintari eskudunekin "egungo kudeaketa taldea baino lehenagokoak diren gertakari horiei buruzko ikerketa ahalik eta gehien errazteko".

Aipatu oharrak jasotzen duenez, EFFk UEFAri jakinarazi dio auzi honetan "parte hartuko" duela. Era berean, adierazten du Osotasun Sailak egindako txostena Kirol Kontseilu Gorenari helarazi zaiola, eta kopia bana bidali zaiela Bartzelonari eta Epaileen Batzorde Teknikoari".

Federazioak berretsi du "konpromiso eztabaidaezina" duela auziarekin lotuta; hori frogatzeko, gogora ekarri du barne ikerketa abiatu zuela "auziaren berri izan bezain laster".

Espainiako Futbol Federazioak nabarmendu du "une oro laguntza emateko prest" dagoela. Asmoa da "amaieraraino" iristea, eta, halaber, eskatu du "behar den eta gomendagarria den lasaitasuna", epaileen kolektiboarekiko sortutako amorru giroa baretzeko".

Federazioak eskertu egin du epaileak Epaileen Batzorde Teknikoaren inguruan batuta egotea; izan ere, Batzordeak Bildu egiten ditu "futbol profesionalean egun lanean dabiltzan epaile guztiak".