Itxi

Futbola

Aurkako 0-2koa iraulita

Bartzelonak Txapeldunen Liga irabazi du, Wolfsburgen aurkako finalean bi goleko desabantaila iraulita

A. B. E. | EITB Media

Barçak 3-2ko emaitzarekin bereganatu du garaipena finalean, Alemaniako taldearen aurka, eta bere bigarren Txapeldunen Liga irabazi du. Kataluniako taldea 0-2 galtzen hasi da, baina emaitza irauli du, bigarren zati bikaina jokatuta.

  • Bartzelona

    Bartzelonako jokalariak Txapeldunen Ligako garaikurrarekin. Argazkia: EFE

Bartzelonak 2023ko Txapeldunen Liga irabazi du larunbat honetan, ekainaren 3an, finalean Wolfsburg mendean hartuta, 3-2ko emaitzaren. Ondorioz, bere bigarren Txapeldunen Liga bereganatu du.

Barçak izan du neurketako lehen abagunea bigarren minutuan, baina Frohms atezainak gelditu egin du jaurtiketa. Bi minutu geroago, ordea, Wolfsburgek gola sartu du; Ewa Pajorrek jarri du 0-1ekoa markagailuan, area kanpotik jaurti eta Sandra Paños atezaina gaindituta. Gol ikusgarria sartu du Alemaniako taldeko jokalariak.

Estreinako golaren ostean, Bartzelona egin da baloiaren jabe, eta lehia berdintzeko aukerak izan ditu; hala nola, 13. minutuan Irene Paredesen errematea kanpora joan da, oso gutxigatik, eta, 33.ean, Hansenek ezin izan du errematatu esker hegaletik egindako erdiraketa.

Wolfsburgek sufritu egin du, baina aurkariaren bolada ona gelditzen jakin du defentsan lan ona eginda. Gainera, Alemaniako taldeak bigarren gola sartu du, Alexandra Poppen bidez (0-2): Wolfsburgen kontraerasoari amaiera bikaina eman dio jokalari alemaniarrak.

Oso maldan gora jarri zaio finala Barçari. Kataluniako taldeak ez du etsi, eta desabantaila murrizteko aukera izan du atsedenaldira iritsi aurretik, baina Frohms garaile atera da Salmarekin izandako buruz burukoan.

Atsedenaldia ondo etorri zaio Bartzelonari, bigarren zatiari oso erasokor ekin baitio. Hala, Barçak desabantaila txikitu du 48. minutuan, Patri Guijarrok sartutako golarekin (1-2). Mallorcako jokalariak ate barruan sartu du baloia, Hansenen erdiraketa errematatuta.

Gainera, bi minutu geroago, Kataluniako taldeak lehia berdindu du: Guijarrok sartu du gola (2-2) berriro, baina oraingoan eskuin hegaletik egindako erdiraketa baliatu du.

Barçaren golek guztiz aldatu dute norgehiagoka, baina berdinketaren ostean parekotasuna izan da nagusi. Bi taldeei kosta egin zaie abaguneak sortzea, eta, ezustean, Bartzelonak gola sartu du; 72. minutuan, Wolfsburgek huts egin du baloia aldentzerakoan, baloia solte geratu da area barruan, eta Fridolina Rolfök sartu du baloia Wolfsburgen atean (3-2).

Azken minutuetan, Bartzelona nagusi izan da, ez du gehiegi sufritu eta garaipenak ez dio ihes egin (3-2).

Fitxa teknikoa:

3 - Bartzelona: Paños; Bronze, Paredes, Leon, Rolfö; Walsh (Engen, 89. min), Bonmati (Alexia, 90. min), Guijarro: Graham Hansen (Crnogorcevic, 79. min), Paralluelo (Geyse, 70. min) eta Caldentey (Pina, 79. min).

2 - Wolfsburgo: Frohms; Wilms (Hegering, 84. min), Hendrich, Janssen, Rauch; Oberdorf, Roord (Lattwein, 71. min); Huth, Popp, Jonsdottir; eta Pajor (Bremer, 84. min).

Golak: 0-1: Pajor, 4. min. 0-2: Popp, 37. min. 1-2: Patri Guijarro, 48. min. 2-2: Patri Guijarro, 50. min. 3-2: Rolfö, 72. min.

Epailea: Cheryl Foster (GAL). Txartel horia atera die Hendrich (22. min), Bonmati (33. min) eta Jondosttir (77. min) jokalariei.