Itxi

Futbola

EA Sports Liga

Athletic eta Alaves, hiru puntuen bila selekzioen etenaldiaren aurretik

O. Z. A. | AGENTZIAK

Athletic Clubek eta Deportivo Alavesek indarrak neurtuko dituzte larunbat honetan San Mamesen. Talde zuri-gorriak Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzeko aukera du, eta babazorroek, ordea, sailkapenean beste jauzi bat ematekoa.

  • Athletic - Alaves, Errege Kopako final zortzirenetako argazkia . Argazkia: EFE

    Athletic - Alaves, Errege Kopako final zortzirenetako argazkia . Argazkia: EFE

Athleticek eta Alavesek larunbatean, martxoak 16, jokatuko dute EA Sports Ligako 29. jardunaldiko euskal derbia. Zuri-gorriek bi puntura dituzte Txapeldunen Ligako postuak, eta irabaziz gero, behin-behinean Atletico Madril aurreratuko lukete. Babazorroek jarraipena eman nahi diote 2024. urteko bolada onari, sailkapenean beste jauzi bat emateko. Neurketa San Mamesen jokatuko da, 21:00etan.

Bilbon, Errege Kopako finaleko sarreren zozketak markatu du astea. Mallorcaren aurkako Kopako finala begiz jota izan arren, Ernesto Valverderen taldea Txapeldunen Ligako postuetara hurbiltzen saiatuko da. Las Palmasen aurka garaipena lortu ondoren, bosgarren postuan dira, 53 punturekin.

Larunbateko hitzordurako, etxekoek Yuriren eta Ander Herreraren bajak izango dituzte, lesionatuta baitaude, eta baita Paredesena ere. Sancetek zaintiratua izan zuen, eta guztiz sendatu gabe dago; beraz, hori ere zalantzan dago.

Aste honetan, Luis de la Fuentek Espainiako selekzioko jokalarien deialdia kaleratu du, eta Athleticeko lau jokalari ageri dira bertan: Unai Simon, Dani Vivian, Oihan Sancet eta Nico Williams. Bestalde, Unai Gomezek Santi Deniaren deia jaso du Eslovakia eta Belgikaren aurkako partidak jokatzeko, 21 urtez azpikoarekin.

Bestalde, babazorroak jaitsierako postuetatik hamar puntura iritsi dira partidara, azken neurketan Rayo Vallecano mendean hartu ostean, Gorosabelen gol bati esker.

Luis Garcia Plazaren taldea 13. postuan dago, 32 puntu dituela. Entrenatzaile madrildarrak jokalari guztiak prest izango ditu derbirako, Aleksandar Sedlar izan ezik.

Arabako taldean, bost jokalarik jaso dute beren selekzioekin jokatzeko deia: Javi Lopez, Samu Omorodion eta Rafa Marin Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin arituko da, Ianis Hagi Errumaniarekin eta Abdel Abqar Marokorekin.

Gainera, bi teknikariak Jagoba Arrasatek Uruguairen aurkako lagunarteko partidarako Euskal Selekzioaren deialdiaren zain egongo dira asteburu horretarako.

Denboraldi honetako bi norgehiagokak Athleticen aldeko emaitzarekin amaitu dira: 0-2 Ligan, Mendizorrotzan, eta 2-0 Kopan, San Mamesen.