Reala
10. jardunaldia
Sansek aise menderatu du Huesca (2-0)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talde txuri-urdina nagusi izan zen etxean, 2-0, Huescaren aurkako neurketan, Peru Rodriguezek eta Lander Astiazaranek sartutako golei esker. Horrenbestez, Ansotegik gidatzen duen taldeak 12 puntu ditu, eta salbazioa puntu batera du.
-
Sanse-Huesca partidaren irudia, Anoetan. Irudia: @RSZubieta_
Sansek hiru puntu lortu zituen asteazkenean, Huescari 2-0 irabazita, Hypermotion Ligako 10. jardunaldiko atzeratutako neurketan, Peru Rodriguezen eta Lander Astiazaranen golei esker.
Huescako taldeak hobeto ekin zion norgehiagokari, lehen hamabi minutuetan gol-aukera bat eta bi korner izan baitzituen, baina benetako arriskurik sortu gabe. Sanseren lehen parada garbia Mariezkurrenak sinatu zuen, baina atzeko lerroak jaurtiketari eutsi zion, eta baloia kornerrera bidali.
Talde bisitaria ondoen jokatzen ari zenean, epaileak penaltia agindu zuen, etxekoen alde, Julio Alonsok baloia eskuz ukitu eta gero. Peru Rodriguez kapitainak ez zuen barkatu, eta Sanse aurretik jarri zen markagailuan, 24. minutuan.
Huescak bi zutoinen artean bideratu zuen lehen jaurtiketa 30. minutuan iritsi zen, area barnealdetik Portillok egina, baina Sanseren atezainak gelditu zuen. Handik minutu batera, Aragoiko hamaikakoak ordura arte izandako aukera garbiena heldu zen: Julio Alonsok pasea egin zuen atzera, eta Portillok, penaltigunean bakarrik zegoela, kanpora jaurti zuen.
Bigarren zatian, Ansotegik Marchal eta Balda zelairatu zituen, Agoteren eta Ochiengen ordez. Hasi eta berehala, txuri-urdinek aukera bikoitza sortu zuten, Astiazaranen eta Aguirreren eskutik, baina lehena Jimenezek ekidin zuen, eta bigarrenak kanpoan amaitu zuen.
89. minutuan, Astiarazanek erabaki zuen lehia, bigarren gola sartu baitzuen, gurutzatutako erremate bati esker. Emaitza hori izanik, Sansek urrezko hiru puntu poltsikoratu zituen eta, 12 punturekin, salbazioa puntu bakarrera duela dabil.
- Fitxa teknikoa:
2 - Sanse: Arana; Dadie, Beitia, Peru Rodriguez, Agote (Balda, 45. min); Carbonell, Eceizabarrena (Garro, 86. min), Aguirre (Gorosabel, 71. min); Astiazaran, Ochieng (Marchal, 45. min) eta Mariezkurrena (Carrera, 64. min).
0 - Huesca: Jimenez; Carrillo (Angel Perez, 53. min), Magana, Arribas, Alonso (Ro, 59. min); Alvarez (Sielva, 70. min), Portillo (Diego Aznar, 70. min), Kortajarena; Luna, Liberto Beltran eta Enrich (Ntamack, 59. min).
Golak: 1-0, 24. min: Peru Rodriguez; 2-0, 89. min: Astiazaran.

