Itxi

Reala

Anoetan, 20:00etan

Arrasate: 'Sevillaren aurka ezin digu garaipenak ihes egin'

Erredakzioa

"Badakigu baja garrantzitsuak ditugula, baina lesionatuta dauden jokalariak ordezkatzeko prest daude besteak, eta hamaikakoan ez da iraultzarik egongo".

  • Jagoba Arrasate, Realeko entrenatzailea. Argazkia: EFE

    Jagoba Arrasate, Realeko entrenatzailea. Argazkia: EFE

Realak Sevilla hartuko du larunbat honetan Anoetan (20:00) BBVA Ligako 7. jardunaldiko partidan. Jagoba Arrasate txuri-urdinen entrenatzailea partidari buruz mintzatu da hedabideen aurrean, eta garaipenak ezin diela "ihes egin" azpimarratu du, neurketa "erabakigarria" baita.

"Ez dakit betebeharra den edo ez, baina taldeak partida bat irabazteko gogoa du eta sentsazio onak berreskuratu nahi ditu. Etxean bada, hobeto. Etxean lortutako emaitzak ez dira onak izan, eta larunbatean ezin digu garaipenak ihes egin. Etxean, gure zaleen aurrean, jokatuko dugu, eta hiru puntuak eskuratu nahi ditugu", esan du.

Zelaiaren erdian dituzten bajei buruz honakoa esan du: "Badakigu baja garrantzitsuak direla, baina lesionatuta dauden jokalariak ordezkatzeko prest daude besteak, eta hamaikakoan ez da iraultzarik egongo".

Carlos Vela hamaikakora itzuliko dela ematen du: "Nekatuta zegoen. Asteazkenekoa ondo etorri zaio, eta larunbatean garaipena lortzeko lagungarri izatea espero dugu", gaineratu du.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo, Jose Angel; Bergara, Pardo, Ros; Vela, Agirretxe, Chory Castro.

Sevilla: Beto; Coke, Cala, Nico Pareja, Alberto Moreno; Iborra, Cristoforo; Jairo, Rakitic, Marin; eta Gameiro.

Epailea: Velasco Carballo.

Futbol-zelaia: Anoeta.

Eguna eta ordua: Larunbatean 20:00.