Reala
BBVA liga
Realak bigarren garaipena jarraian lortu nahi du ligan
Erredakzioa
Almeria estu eta larri dabil sailkapenean, eta, liga txapelketari dagokionez, ez du inoiz garaipenik lortu Anoetan, baina bai Errege Kopan.
-
Realak emaitza ona behar du ligan atzean ez geratzeko. Efe.
Realak Manchesterren jasotako porrota atzean utzi nahi du Almeriaren kontra ligako bigarren garaipena jarraian lortuta.
Donostiarrak ez dabiltza batere ondo etxeko neurketetan, lehen jardunaldian Getaferen aurka jokatutakoa bakarrik irabazi dute. Gainontzekoak berdinketak eta Atletiko Madrilen kontrako porrota izan dira.
Iragan asteburuan Valentziari gailendu ostean, eta igandean beste garaipen bat lortuta, sailkapeneko goiko postuetara begiratzeko aukera izango dute donostiarrek. Horrez gain, giroa lasaitu egingo da eta datozen jardunaldietan talde ahulen kontra jokatu beharreko partidak konfiantzaz gainezka jokatuko dituzte.
Donostian urduritasuna sortu du Almeriaren bisitak, batez ere gipuzkoarrek Vallecasen egungo azken sailkatuaren aurka emandako itxura kaskarra dutelako buruan.
Hasierako hamaikakoan ez da iraultzarik espero, baina bai zenbait aldaketa: baliteke Xabi Prieto kapitainak eta Chory Castrok lehen minututik zelairatzea.
Almeriak, berriz, ezustekoa eman nahi du Anoetan. Andaluziarrak estu eta larri dabiltza eta ligan ez dute inoiz Anoetan irabaztea lortu. Hala ere, donostiarren aurka jokatutako lau partidetan porrot bakarra jaso dute.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Bravo; Carlos Martínez, Mikel, Íñigo Martínez, De la Bella; Bergara, Zurutuza, Xabi Prieto; Chory Castro, Griezmann eta Seferovic.
UD Almeria: Esteban; Nelson, Marcelo Silva, Trujillo, Raúl García; Verza, Corona; Aleix Vidal, Soriano, Dubarbier, eta Rodri.
Futbol zelaia: Anoeta
Eguna eta ordua: Igandean, 19:00etan.