Itxi

Reala

Igandean, 17:00etan

Salamanca-Reala: Aldaketarik ez

Ander Altuna

Zubieta

Joan den astean osaturiko zerrendari eutsi dio uruguaitarrak Salamancarren kontra jokatzeko.

Biharko norgehiagoka garrantzitsua prestatzeko azken saioa burutu dute gaur goizean txuri-urdinek Zubietan. Ez da ezer aipagarririk gertatu berdegune gainean, bai ordea entrenamenduaren ostean. Izan ere, denboraldia hasi eta aurrenekoz ez du inolako aldaketarik egin deialdian Lasartek. Numantziaren kontra indarrak neurtzeko aukeratu zituenen aldeko apustua egin du. Hasierako hamaikakori dagokionez, baliteke jarraikortasunari eustea ere. Asko jota, David Zurutuzak tokia izan lezake lotura lanak egiteko eta Buenoren itzulera ezin liteke baztertu, nahiz Agirretxek jokatzeko aukera gehiago izan. Hendaiarrak epailearen lehenbiziko txistu hotsa zelaian entzungo balu, Aranburuk edo Elustondok jokatuko lukeen Rivasen aldamenean. Aspaldi bereganatu zuen Zurutuzak Lasarteren konfiantza eta lesioen zurrunbilotik salbu egon izan denean beti jokatu du. Hain justu, arazo físiko amaigabe horiek galarazi diote hamaikakoan segida izatea eta uruguaitarra buru hautsi beharrean da: ez daki zer komeni dakiokeen harrobiko jokalariari. Hasierako taldean sartzea ala bigarren zatietan zelairatzea. Denboraldia amaitu arteko bidean oinazerik ez izatea dute helburu. Formula egokia topatzea falta.

Gauzak horrela, hamaikakoa honako hauxe izan liteke: Bravo, Martinez, Ansotegi, Labaka, De la Bella, Rivas, Elustondo, Prieto, Aranburu, Griezmann eta Agirretxe.

Datorren asteartean itzuliko dira txuri-urdinak Zubietara.