Reala
Igandean 12:00etan
Reala-Levante: Hiru berritasun
Ander Altuna
Zubieta
Gonzalez, Esnaola eta Songo'o deialdira itzuli dira. Eguerdian jokatu izan duen bakoitzean bezala, taldea elkartu egingo da larunbatean Donostiako hotel batean.
Asteko azken prestaketa saioak ez du notiziarik utzi. Bai ordea, jarraian Martín Lasarte entrenatzaileak osaturiko zerrendak. Arrazoi ezberdinak tarteko, Labaka, Sarasola eta Nsue ez dira aukeratuen artean ageri. Gonzalezek, Esnaolak eta Songo''ok ordezkatu dituzte.
Labaka ez dago jokatzeko moduan gerri inguruan lesioa duelako. Gutxienez, bere hutsuenak Gonzalezen berragarpenarekin egin du bat. Hasieratik arituko da arrasatearra Ansotegiren aldamenean. Hain justu, osatu berritan denez, Lasartek nahiago izan du erdiko atzelari bat sartu, Esnaola, hegaleko Sarasolaren tokian.
Zelai erdian berriz, Prieto osatuz geroztik Nsue eta Songo''o orpoz orpo ari dira zerrendan tokia egin nahirik. Huescako norgehiagokan, mallorkarra izan zen kanpoan geratu zena. Azken bi neurketetan aldiz, kamerundarra baztertu du entrenatzaileak. Gaurkoan, Songo''o izan da aukeratua.
Gauzak hala, talde hauxe jar lezake hasieratik Levanteren kontra: Bravo, Martinez, Ansotegi, Gonzalez, De la Bella, Rivas, Elustondo, Prieto, Aranburu, Griezmann eta Agirretxe edo Bueno. Azken bi hauei dagokienez, Levanteren gogortasuna (txartel gehien ikusi duen taldea da) aintzat hartuz, baliteke entrenatzaileak Bueno aukeratzea. Usurbildarrak baino eskarmentu handiagoa du uruguaitarrak, azeri zaharra da eta halako batailetan eroso aritu ohi dena gainera.