Reala
Gaur, 21:00ETAN
Realak, Willian Joseren laguntzarekin, erreakzionatu egin nahi du Huescan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde txuri-urdinak hiru partida daramatza garaipenik gabe, eta azken bolada gorabeheratsuari buelta ematen saiatuko da El Alcoraz zelaian.
-
Willian Jose. Argazkia: EFE
Realak eta Huescak Ligako bosgarren jardunaldiko lehen norgehiagoka jokatuko dute gaur, iluntzeko 21:00etan, Alcoraz futbol-zelaian.
Donostiarren aldetik, albisterik aipagarriena da Asier Garitano entrenatzaileak Willian Jose deialdian sartu duela.
Brasildarraren parte-hartzeak berebiziko garrantzia dauka, bereziki golen aldetik egiten duen ekarpenarengatik; izan ere, taldeko golegilerik nagusiena izan da azken bi denboraldietan. Hortaz, hiru partida irabazi gabe egon ostean, aurrelari titularra bueltan izatea abiapuntu garrantzitsua izan daiteke txuri-urdinentzat azkenaldiko bolada gorabeheratsua eteteko.
Garitanoren taldeak ez du oraindik bidea aurkitu bere futbola eraginkorra izan dadin; horrez gain, arazo handiak ditu emaitzari eusteko, markagailua alde duenean.
Gipuzkoarrak irabazten hasi dira orain arte jokatutako lau norgehiagoketan; aitzitik, Vila-realen aurka besterik ez dute lortu garaipena, eta azken bi lehiak galdu egin dituzte (Eibarren eta Bartzelonaren aurka).
Horrez gain, zalantza ugari piztu dira Gero Rulli atezain titularraren gainean, Bartzelonaren aurka izandako hutsegiteen harira. Dena den, Garitanok "lasaitasunaren alde" egingo du, argentinarrak titular izaten jarraituko duela iradoki baitu partidaren aurreko prentsaurrekoan.
Realak 19 gizon sartu ditu deialdian, horien artean bigarren taldeko Le Normand erdiko atzelaria, Raul Navasek edozein unetan utzi baitezake taldearen egonaldia, aita izateko zorian baitago.
Bere aldetik, Huescak zenbait aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, Alcorazen Lehen Mailan lehendabiziko garaipena lortzeko asmoz (aurreko saiakeran galdu egin zuen Rayo Vallecanoren aurka, 0-1).
Leo Francoren gizonek ahaztu egin nahi dituzte Bartzelonaren eta Rayoren kontra izandako porrotak, eta denboraldi hasieran izandako emaitza onen bidera itzuli nahi dute.
Itxura guztien arabera, entrenatzaile argentinarrak zelai erdia sendotuko du defentsako jokoa indartzeko, gol ugari ari baita jasotzen.
Balizko hamaikakoak:
Huesca: Werner; Miramon, Pulido, Semedo, Luisinho; Musto, Aguilera; Gallar, Melero, Ferreiro; eta "Cucho" Hernandez.
Reala: Rulli; Zaldua, Aritz, Moreno, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Zurutuza; Oyarzabal, Juanmi eta Willian Jose edo Jon Bautista.
Epailea: Iglesias Villanueva
Futbol-zelaia: El Alcoraz
Ordua: 21:00