Itxi

Reala

Atsedena, Interren aurka

Messi, Pique eta S. Roberto atseden hartuta iritsiko dira Realaren aurkako partidara

Erredakzioa

Bartzelonak Interren auka jokatuko du Txapeldunen Ligan astearte honetan. Ez duenez ezer jokoan, futbolari hauei atsedena ematea erabaki du Valverde entrenatzaileak, Reale Arenara sasoiko iristeko.

  • Lionel Messi. Argazkia: EFE

    Lionel Messi, Bartzelona taldeko jokalaria. Argazkia: EFE

Leo Messi, Gerard Pique eta Sergi Roberto Bartzelona taldeko jokalariak astearte honetan Interren aurkako Txapeldunen Ligako partidarako deialditik at utzi ditu Ernesto Valverde entrenatzaileak.

Bartzelonak ziurtatuta du multzoko lehen postua, eta Interren aurka San Siron jokatu behar duen arren, Valverdek jokalari garrantzitsuenetako batzuei atseden ematea erabaki du, larunbateko Realaren aurkako partidari begira. Messik, Piquek eta Sergi Robertok atseden hartuko dute. Deialditik at geratu dira baita ere lesionatuta dauden Nelson Semedo, Jordi Alba, Arthur Melo eta Ousmane Dembele. Ter Stegen atezainak ere ez du hasieratik jokatuko, ordezko atezaina den Neto ariko baita hasieratik.

Barçako talde teknikoak hartu duen erabakiak argi uzten du Bartzelonak garrantzia handia ematen diola larunbatean Realaren aurka Reale Arenan jokatu behar duen neurketari, eta jokalariak sasoiko eduki nahi ditu txuri-urdinen aurkako lehiarako.