Reala
ANDUVA, 21:00etan
Realak lehendabiziko finalista izan nahi du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txuri-urdinek abantailarekin ekingo diote gaur Mirandesen aurkako partidari, baina inolako konfiantzarik gabe.
-
Realeko eta Mirandeseko jokalariak baloi batengatik borrokan joaneko partidan. Argazkia: EFE
Realak eta Mirandesek hitzordu handia dute gaur Anduvan, Errege Kopako finalerdietako itzuliko partidari egin behar baitiote aurre. Kanporaketa guztiz irekia dago, joanekoan Realak etxean lortutako 2-1ekoaren ostean.
Emaitza hori ez zen txuri-urdinek espero zuten bezain erabakigarria izan, ez behintzat zale askok espero zutena, Imanol Alguacilen mutilek denboraldiko partidarik txarrenetakoa egin baitzuten. Orioko entrenatzaileak berak partidaren ostean onartu zuenez, jokalariak presioak gain hartuta aritu ziren.
Dena den, donostiarrak gol marka ikusgarriarekin iritsiko dira norgehiagokara, Alexander Isak suediarra txapelketako golegile nagusia baita, besteak beste.
Horrez gain, denboraldi honetan jokatu dituen 31 partidetatik, hirutan besterik ez da geratu golik sartu gabe Reala: Athleticen aurka, San Mamesen; Betisen aurka, Sevillan eta Valladoliden aurka, Zorrillan.
Gipuzkoarren entrenatzaileak aurreko jardunaldian Valladoliden aurka garaipena lortzeko (1-0) erabili zuen hamaikako bera balia dezake Mirandesi aurre egiteko. hala eginez gero, horrek aldaketa ekarriko luke Mirandesen kontrako joaneko partidarekin alderatuta; izan ere, Adnan Januzaj belgikarrak hasieratik ekingo lioke neurketari, Cristian Portugues 'Portu' murtziarraren lekua hartuta.
Txuri-urdinen defentsa ere sasoiko dabil, 180 minutu baitaramatza golik jaso gabe gero eta sendoago ari den Alex Remiroren atean. Dena den, Realak badaki sufritu egin beharko duela Celtak, Sevillak eta Vila-realek galdu duten zelaian. Hain zuzen ere, Imanolek prentsaurrekoan adierazi du bere ustez bi gol sartu beharko dituztela finalerako sailkatzeko.
Bestalde, Andoni Iraola Mirandeseko entrenatzaileak badaki kanporaketak "zailtasuna handia" duela, baina bere "taldearen bertsiorik onena" espero du.
Horregatik, "joanekoan" egindako partida errepikatzea nahiko luke, era horretan Mirandesek "aukerak izango dituelako".
Anduvako gotorlekuaren giroak bultzatuta, Burgosko taldea ezustekoa ematen saiatuko da, 2012an finalerako sailkatzeko zorian egon ostean.
Orduko hartan, beste euskal talde batek, Athleticek, zapuztu zituen bere itxaropenak (1-2, joanekoan; 6-2, itzulikoan). Garai hartan, Iraolak berak zuri-gorriekin jokatzen zuen.
Bere jokalariei dagokienez, Usurbilgo entrenatzaileak baieztatu du Joaquin baja izango dela partida honetarako.
Balizko hamaikakoak:
Mirandes: Limones, Carlos Julio, Odei, Sergio, Franquesa, Malsa Guridi, Alvaro Rey, Antonio Sanchez, Merquelanz eta Matheu.
Reala: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Merino, Odegaard, Januzaj, Isak eta Oyarzabal.
Epailea: Sanchez Martinez.
Futbol-zelaia: Anduva.
Ordua: 21:00.