Itxi

Reala

ERREGE KOPA

Reala, lehen finalista

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Donostiarrak Cartujako finalean izango dira apirilaren 18an, Mirandesen aurkako itzuliko neurketa ere irabazi egin baitute, Oyarzabalek penaltiz sartutako golari esker.

10
  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

  • Mirandes - Reala

    Mirandes - Reala

Realak Mirandes gainditu du bigarrenez Anduvan jokatutako Errege Kopako itzulerako partidan (0-1), Mikel Oyarzabalek penalti puntutik egindako golaren bidez. Etxekoek apenas izan dute garaipena lortzeko aukerarik, eta, hartara, donostiarrek merezimendu osoz bereganatu dute finalean izateko eskubidea, 32 urte eta gero.

Partida Mirandesek hasi du erasoan, baina bi taldeetako inork ez du aukera argirik izan lehen minutuetan, Januzajek egindako saiakera bat izan ezik. Izan ere, belgikarrak ez du urruti izan gola, baina bere burukada Limonesen atetik gora atera da, Monrealek ezkerretik egindako erdiraketa batean.

Dena den, Andoni Iraolaren mutilak ondo kokatuta zeuden, eta aurkaria baino erosoagoa itxuraz, txuri-urdinek ez zutelako jokaldirik erraz lotzen. Gainera, Realak ez du estutasunik pasatu nahi izan lehen zatian, eta baloia luze ateratzen ibili da ia gehienetan, gorritxoen presioa ekiditeko.

Alabaina, lehen zatiko ordu erdirantz gerturatuta, Imanol Alguacilen taldeak baloiaren jabetza bereganatu du, eta ordura arteko abagunerik argienak eduki ditu. Lehenik, Willian Joseren urrutiko jaurtiketa baten bidez, Limonesek arazoekin urrundu duena; eta, ondoren, Januzajen oinetan izandako aukera, baina Franquesa bikain gurutzatu da belgikarraren saiakera kornerrera bidaltzeko.

Txuri-urdinek gero eta arrisku handiagoarekin hurbiltzen jarraitu dute, eta, halako batean, Zalduaren erdiraketa batean, Malsak nabarmen jo du baloia eskuarekin. Horren aurrean, epaileak ez du penaltia adierazteko zalantzarik izan, eta Oyarzabalek, beste behin ere, ez du hamaika metroetatik barkatu.

Aldageletatik bueltan, grinatsu ibili den Januzaj kanporaketa behin betiko erabakita uzteko zorian egon da, baina areaz kanpotik egindako bere jaurtiketak langaren kontra jo du.

Gerora, bigarren zatiak aurrera egin ahala, Reala neurketako erritmoa kudeatzen hasi da, bere interesen mesedetan, etxekoek arriskua sortzeko modurik aurkitzen ez zuten bitartean.

Matheus eta Mario Barco saiatu dira azken txanpan, baina donostiarren defentsa bikain aritu da une oro.

Horrenbestez, txuri-urdinak Sevillan izango dira apirilaren 18an, Kopako final handia jokatzen.

Fitxa teknikoa:

0-Mirandes: Limones, Alexander Gonzalez (Carlos Julio, 60. min), Sergio, Odei, Franquesa, Malsa, Guridi, Alvaro Rey (Mario Barco, 81. min), Antonio Sanchez (Marcos Andre 71. min), Merquelanz eta Matheus.

1-Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Merino, Zubeldia, Odegaard (Guevara, 88. min), Januzaj, Oyarzabal (Barrenetxea, 77. min), Willian Jose (Isak, 65. min)

Gola: 0-1, 39. min: Oyarzabal (penaltiz).

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Alexander Gonzalez, Alvaro Rey (Mirandes); Monreal, William Jose eta Januzaj (Reala).