Itxi

Reala

Taldekideekin batera

Illarramendi eta Zurutuza, lesioak ahaztuta taldekako lanean

Agentziak | Erredakzioa

Astelehen honetan Realaren entrenamenduan egon dira, hamar jokalariz osatutako taldeetan banatuta, eta taldekideen erritmo berean osatu dute lansaioa.

  • Asier Illarramendi, Reala

    Asier Illarramendi, lesionatu zen Athleticen aurkako 2019ko iraileko derbian. Argazkia: EFE

Santander Ligako taldeak astelehen honetan hasi dira hamar jokalariz osatutako multzoetan entrenatzen, orain arte COVID-19 koronabirusaren pandemiak ez baitu hala ahalbidetu. Azken hilabeteetan min hartuta egon diren Asier Illarramendik eta David Zurutuzak taldekideen erritmo berean osatu dute lansaioa.

Illarramendik ia bederatzi hilabete eman ditu min hartuta, eta Zurutuza azaroan lesionatu zen. Bi jokalariak oso ondo etorriko zaizkio Imanol Alguacil entrenatzaileari Santander Liga berriz martxan jartzen denerako.

Irailean Athleticen aurkako derbian min hartu zuen Illarramendik, eta ebakuntza egin zioten orkatilako lesioa sendatzeko. Jada, badirudi erdilariak lesioa gainditu duela. Bestalde, Zurutuzak azarotik darama arazo muskularrekin, eta berriz jokatzeko prest dagoela ematen du.

Zurutuzak 33 urte ditu, eta aurtengoa Realarekin jokatuko duen azken denboraldia izango zela adierazi zuen, erretiroa hartu edo futbolean jokatzen jarraituko zuen zehaztu gabe. Hala ere, Reala egiten ari den denboraldi bikainaren eta Errege Kopako finala jokatzeko aukera izatearen ondorioz, jokalari txuri-urdinak iritziz alda lezake. Realarekin kontratua berrituz gero, Errege Kopako finala jokatzeko aukera izango du David Zurutuzak.