Itxi

Reala

Gaur, 22:00etan

Getafe-Reala, Europarako postuetan sartzeko aurkari zuzenen arteko lehia

Erredakzioa

Madrilgo taldea seigarren da sailkapenean 49 punturekin eta talde txuri-urdina zazpigarren da 47 punturekin. Neurketa astelehenean jokatuko da, 22:00etan, Alfonso Perez Coliseumean.

  • Portu eta Cucurella

    Portu eta Cucurella, Realare eta Getaferen arteko partida baten. Argazkia: EFE

Realak Getaferi egingo dio bisita gaur, Ligako 32. jardunaldiko partidan. Neurketa Alfonso Perez Coliseumean jokatuko da, 22:00etan. Bi taldeak, aurkari zuzenak dira Europarako postuetan sartzeko lehian.

Getafe seigarren da sailkapenean 49 punturekin eta Reala zazpigarren da, 47 punturekin. Koronabirusaren eraginez Liga gelditu zenean sasoiko zeuden bi taldeak, baina Ligaren iztuleran ez dituzte emaitza onak lortu.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak ez du garaipenik lortu txapelketa berriz hasi denetik. Realak puntu bakarra bereganatu du jokoan izan dituen azken hamabietatik, lau jardunalditan berdinketa bat eta hiru porrot jasota. Getaferen aurka garaipena lortzeak Europarako postuetan sartu luke Reala berriro, eta Txapeldunen Ligako postuengatik borrokatzeko aukera ere emango lioke.

Asteleheneko neurketarako, talde txuri-urdinean Diego Llorentek ezingo du jokatu partidabateko zigorra bete behar duelako, eta min hartuta dauden Asier Illarramendi, Ander Guevara, Ander Barrenetxeaeta Luca Sangalli jokalariak ere baja dira. Zubeldia hasierako hamaikakora itzuliko da, eta Le Normandek ere hasieratik jokatzeko aukerak ditu. Aurrealdean, zalantza da nagusi; Imanolek Isaken edo Willian Josren aldeko apustua egin beharko du.

Bestalde, Getafek partida bat galdu eta hiru berdindu ditu Liga berriz hasi denetik. Garaipen batek Txapeldunen Ligako postuetan dagoen Sevillarekiko bi puntura gerturatuko luke Madrilgo taldea. Jose Bordalas entrenatzaileak ez du jokatzeko prest izango Djene erdiko defentsa, partida bateko zigorra bete behar baitu txartel pilaketagatik.

Ustezko hamaikakoak:

Getafe: Soria; Damian, Chema, Etxeita, Olivera; Jason edo Nyom, Arambarri, Maksimovic, Cucurella; Jaime Mata eta Jorge Molina.

Reala: Remiro, Zaldua, Elustondo, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Merino; Odegaard; Januzaj, Oyarzabal eta Willian Jose.

Epailea: Adrian Cordero Vega.

Zelaia: Coliseum Alfonso Perez.

Ordua: 22:00etan.