Itxi

Reala

32. JARDUNALDIA

Realak galdu egin du Getaferen aurka, eta laugarren porrota du jarraian (2-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jaime Matak sartu ditu madrildarren bi golak. Txuri-urdinen aldetik, Januzaj izan da golegilea. Belgikarraren golak partida berdintzeko balio izan du, behin-behinean.

  • Jaime Mata Realaren bi defentsa gainditu nahian.

    Jaime Matak sartu ditu Getaferen bi golak. Argazkia: EFE

Realari asko urrundu zaizkio Txapeldunen Ligako postuak astelehen honetan, Getaferen aurka galdu ostean (2-1). Madrildarrek, ordea, borroka horri eusten diote Jaime Matak lortu dituen bi golei esker. Txuri-urdinek ez dakite zer den partida bat irabaztea liga txapelketa berriro martxan jarri zenetik, eta bata bestearen atzetik galtzen duten laugarren neurketa pilatu dute.

Getafeko futbol-zelaian geldialdia baino lehen Txapeldunen Ligara sailkatzeko borrokan oso ondo kokatuta zeuden bi taldek izan dute hitzordua; alabaina, geldialditik bueltan garaipena zer den oraindik ezagutzen ez zutenak. Hala eta guztiz ere, laugarren postua lortzeko aukerekin jarraitzen zuten, baldin eta aurkari zuzen baten aurrean euren bolada txarrei amaiera emateko gai baziren.

Zeregin horretan, aztiago ibili da Jose Bordalasek zuzentzen duen taldea, batez ere Jorge Molina bezalako beteranoaren eskutik, eta horrek garaipena ekarri die madrildarrei, Sevillarengandik bi puntura hurbiltzeko balio diena. Izan ere, lehia amaitzeko oso gutxi falta zela, aurrelaria beste inor baino biziago ibili da baloi bat hegaletik azkar atera eta atzelari txuri-urdinak lekuz kanpo harrapatzeko. Jaime Matak ezin hobeto baliatu du egoera, area barruan sartu eta partida erabakita utzi duen bigarren gola erdiesteko, oso posizio behartuan izan bada ere (83. minutua). Gola Reala ondoen ari zenean iritsi da, gainera.

Lehen zatian, ordea, talde txuri-urdinak erakutsi du konfinamenduaren aurretik bere futbolak zeukan freskotasun guztia galdu duela. Ia ez du arriskurik sortu Getaferen atearen aurka, nahiz eta etxekoak ere ez diren oso fin aritu. Hori bai, txuri-urdinen hutsegiteak ezin hobeto aprobetxatzen jakin du.

Izan ere, behin betiko gola baino lehen, Jaime Matak aurretik jarri du bere taldea 19. minutuan, Le Normandek Hugo Durori egindako zalantzazko penalti baten ostean. Jokaldia Alex Remiro atezainak bere taldekideei zuzendutako pase txar batetik eratu da.

Aitzitik, Realak erreakzionatu egin du bigarren zatian, bertikaltasun eta abiadura gehiagorekin. Horrela, neurketa orekatzeko gai izan da Januzajen gol on bat dela medio (54. minutua). Jokaldia VARean gainbegiratu behar izan dute, epaileak baliogabetu egin baitu hasiera batean, jokoz kanpo zelakoan. Gol horrek suspertu egin ditu donostiarrak, eta gerora iritsi dira Isakek eta Aritzek izan dituzten abaguneak.

Haatik, arauzko denbora betetzeko zazpi minuturen faltan, hegaletik atera den baloi galdu bat urrezko bihurtu du Jorge Molinak, Matari bidali dionean, hark garaipenaren gola lor zezan. Horrenbestez, hiru puntuak etxean geratu dira, eta horrek laugarren porrota jarraian ekarri dio Realari, laugarren postua jada zazpi puntura aldendu zaiolarik.

Fitxa teknikoa:

2 - Getafe: Soria, Damián, Chema, Etxeita, Olivera, Nyom (Etebo, 69. min), Arambarri, Maksimovic, Cucurella (Jason, 82. min), Hugo Duro (Jorge Molina, 68. min) eta Jaime Mata (Timor, 90. min).

1 - Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz (Nais, 89. min), De Normand, Pacheco (Zubimendi, 78. min), Monreal, Merino, Zubeldia, Oyarzabal, Januzaj (William José, 78. min) eta Isak (Portu, 67. min).

Golak: 1-0, 20. min: Jaime Mata, penaltiz. 1-1, 56. min: Januzaj. 2-1, min. 83: Jaime Mata.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horiak: Olivera, Hugo Duro, Chema, Damián, Etebo eta Jaime Mata (Getafe); Isak, Oyarzabal eta Mikel Merino (Real Sociedad).