Itxi

Reala

0-1

Realak gehiegi barkatu eta porrota jaso du Valentziaren aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 0-1eko emaitzarekin galdu du Ligako 4. jardunaldiko partida. Aurkaria baino gehiago izan da, baina gehiegi barkatu du, eta punturik gabe geratu da.

2:32
Reala - Valentzia

Realak porrota jaso du Valentziaren aurka (0-1) jokatu duen Ligako laugarren jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak gehiegi barkatu du aurkariaren ate aurrean, eta Maxi Gomezek 74. minutuan sartutako golak eman dio garaipena talde bisitariari.

Alexander Isakek izan du norgehiagokako lehen abagunea, baina orpoz egin duen errematea kanpora joan da. Reala baloiaren jabe izan da, baina ez du lortu aurrea hartzea. Lehen zatiaren amaieran izan ditu Valentziak gola sartzeko aukera onenak. Atsedenaldira iritsi aurretik, esate baterako, Lee hegokorearrak erremate ona egin du area barruan, baina Aritz Elustondo bikain gurutzatu da baloia desbideratuz gola saihesteko.

Bigarren zatian, jaun eta jabe izan da Reala. Silvak, Merinok eta Januzajek gidatuta, talde txuri-urdina baloiaren jabe egin da, eta Valentzia estutasunetan jarri du. Januzaj gola sartzetik gertu egon da, baina Domenech atezainak erantzun ona eman dio belgikarraren jaurtiketari. Talde donostiarra baloiaren jabe izan da eta abaguneak sortu ditu, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. Imanol Alguacil entrenatzaileak lau aldaketa batera egin ditu 66. minutuan, garaipenaren bila jotzeko asmoarekin; 74. minutuan, ordea, Valentziak kontraerasoa antolatu du, Gayak area barrura erdiratu, eta Maxi Gomezek 0-1ekoa sartu du.

Ekinean jarraitu du Realak gola jaso ostean, baina ezin izan du Domenech atezaina gainditu. Partidako azken hasperenean, 94. minutuan, Le Normadek gola sartu du baina epaileak baliogabetu egin du Aritz Elustondok eskuarekin jo baitu frantziarrak baloia sare barrura bidali aurretik. Amaieran, Valentziak eraman ditu hiru puntuak Reale Arenatik.

Fitxa teknikoa:

0.-Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubimendi (Guevara, 66. min), Merino, Silva (Portu, 66. min); Barrenetxea (Oyarzabal, 46. min), Januzaj (Roberto Lopez, 66. min) eta Isak (Willian Jose, 66. min).

1.- Valentzia: Domenech; Gaya, Diakhaby, Guillamon, Correia; Blanco (Lato, 70. min), Musa (Jason, 74. min), Kondogbia, Wass; Lee (Gameiro, 68. min) eta Maxi Gomez (Vallejo, 90. min).

Epailea: Figueroa Vazquez. Txartel horia atera die Zubimendi Realeko jokalariari, eta Kondogbia, Maxi Gomez, Wass, Gaya eta Correia Valentziako futbolariei.

Gola: 0-1, 74. min: Maxi Gomez.