Itxi

Reala

Reala-Cadiz

Iritsi da, azkenean, Realak etxean behar-beharrezkoa zuen garaipena (4-1)

L.E.A. | EITB MEDIA

Mikel Oyarzabalek eta Isakek bina gol egin dituzte eta, hiru hilabeteren ostan, hiru puntuak Donostian geratu dira. Andaluziarren gol bakarra Jairok egin du, 65. minutuan.

0
Reala – Cadiz

Realak hiru hilabeteko etxeko bolada txarrari amaiera eman dio, Cadizi etxean 4 eta 1 irabazita, LaLigako 22. jardunaldiko partidan.  Mikel Oyarzabalek eta Isakek egin dituzte txuri-urdinen golak, Oyarzabalek bi lehen zatian eta Isakek beste bi bigarrenean.

Oyarzabalen lehen gola 26.minutuan iritsi da Negredok baloia area barruan eskuarekin ukitu ostean. Epaileak, VARaren laguntzarekin, penaltia adierazi du eta Oyarzabalek aurretik jarri ditu donostiarrak.

VARak berak epaileak Cadizen alde adierazitako penaltia baliogabetu du minutu batzuk geroago. Eta andaluziarrak protestaka ari zirenean iritsi da txuri-urdinen eta Oyarzabalen bigarrena, kontraeraso batean. Atsedenaldiaren atarian, epaileak txartel gorria atera dio Marcos Maurori, Oyarzabali falta egiteagatik aurrelari donostiarra atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratzear egon denean.

Bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatu du Cadizek, eta hori nabaritu egin dute andaluziarrek. Horrela, 54. minutuan Isakek 3 eta 0ekoa egin du, eta handik bost minutura 4 eta 0ekoa.

Jairok Cadizen gol bakarra sartu du 65.ean, baina donostiarrak oso nagusi izan dira berdegunean eta garaipenak ez du Donostiatik ihes egin. Hiru puntuak etxean geratu dira.

Fitxa teknikoa

4 - Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia (Sagnan, 83. min), Aritz, Monreal; Guevara, Illarramendi (Silva, 63. min), Merino; Januzaj (Merquelanz, 63. min), Oyarzabal (Barrenetxea, 83. min) eta Isak (Carlos Fernández, 74. min).

1 - Cadiz: Ledesma; Jairo, Cata (Espino, 60. min), Marcos Mauro, Iza (Sobrino, 46. min); Fali, Jenis Jonsson (Garrido, 17. min), Alberto Perea, Salvi Sánchez; Negredo (Saponjic, 60. min) eta Lozano (Alcalá, 46. min)

Golak: 1-0, 26. min: Oyarzabal. 2-0, 34. min: Oyarzabal. 3-0, 54. min: Isak. 4-0, 59. min: Isak. 4-1, 65. min: Jairo.