Itxi

Reala

SANTANDER LIGA

Realak galdu egin du gehiago izan den Real Madrilen aurka (4-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Oyarzabalek aurretik jarri ditu donostiarrak, penalti puntutik, 10. minuturako, baina madrildarrak nagusi izan dira partida osoan zehar.

0
Real Madril vs Real Sociedad: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Realak ezin izan du irabazi Real Madrilen aurka Bernabeun (4-1), nahiz eta Oyarzabalen bitartez aurrea hartu duen markagailuan, 10. minutua bete denerako. Eibartarrak ez du barkatu penalti puntutik, Carvajalek Silvari area barruan falta argia egin ondoren.

Etxekoak, ordea, laster suspertu dira, eta eurena izan da norgehiagokaren ekimena une horretatik aurrera, baina ez dira gai izan aurkariari min egiteko zirrikiturik aurkitzeko ia atsedenaldira iritsi arte.

Izan ere, atsedenaldirako bost minutu falta zirenean, etxekoen lehen gola agertu da, Camavingak area kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez. Frantziarraren zartakoak Illarramendirengan jo du, eta ezinezko bihurtu du Remiroren gelditzeko ahalegina.

Bi minutu geroago Real Madrilen bigarren gola iritsi da, hura ere area kanpotik. Luka Modricek magia egin du area ertzetik jotako ezkerkada ikusgarri batekin, eta Remirok ezin izan du ezer egin.

Bigarren zatian madrildarren nagusitasunak handia izaten jarraitu du, eta amaierarako 15 minutura hirugarren gola lortu dute, Karim Benzema pitxitxiaren eskutik. Aurrelari frantziarrak ez du hutsik egin 11 metroetatik, VARak epaileari Elustondok Viniciusi egindako falta area barruan izan dela ohartarazi eta gero.

Azken hamar minutuetan, Real Madrilek nagusi izaten jarraitu du, eta Marco Asensiok laugarren eta azken gola erdietsi du zelairatu eta ia berehala. Balearrak maisutasunez bidali du sarera Dani Carvajalen pase ederra.

Fitxa teknikoa:

4 - Real Madril: Courtois; Carvajal (Lucas Vázquez, 84. min), Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Camavinga, Modric (Ceballos, 82. min); Rodrygo (Marco Asensio, 77. min), Vinícius (Marcelo, 82. min) eta Benzema (Mariano, 84. min).

1 - Real Sociedad: Remiro; Zaldua (Zubimendi, 64. min), Pacheco (Djouahra, 46. min), Le Normand, Gorosabel; Zubeldia, Illarramendi (Aritz, 64. min), Merino, Silva (Rafael, 46. min), Oyarzabal e Isak (Sorloth, 80. min).

Golak: 0-1, 10. min: Oyarzabal, penaltiz. 1-1, 40. min: Camavinga. 2-1, 43. min: Modric. 3-1, 76. min: Benzema, penaltiz. 4-1, 79. min: Asensio.

Epailea: Jesús Gil Manzano. Txartel horiak: Zaldua eta Merino (Real Sociedad).