Itxi

Reala

Egutegia

Atletico-Reala, Tenerife-Athletic eta Levante-Alaves, Iberdrola Ligako lehen jardunaldiko partidak

EITB Media

Hasieran beste egutegi bat publikatu du Espainiako Futbol Federazioak, baina zozketan zenbakiak ateratzerakoan akats bat egon denez, geroago behin betiko egutegia plazaratu da.

  • Primera Iberdrola Ligako leen jardunaldiko partidak

    Primera Iberdrola Ligako leen jardunaldiko partidak. Argazkia: RFEF

Ostiral honetan, abuztuaren 12an, 2022-2023 Iberdrola Ligako egutegiaren zozketa egin da Espainiako Futbol Federazioak Las Rozasen (Madril) duen egoitzan. Hasieran publikatu den egutegia atzera bota du Federazioak, akats bat egon baita atera diren zenbakiak irakurtzerakoan, 6 eta 9 zenbakiekin errakuntza egon baita. Geroago, zenbaki zuzenarekin, egutegiak egiten dituen enpresak behin betiko egutegia plazaratu du.

Primera Iberdrola Liga irailaren 11n hasiko da. Hiru euskal ordezkari lehiatuko dira maila gorenean; Reala, Athletic eta Alaves Gloriosas. Gainera, Realak Txapeldunen Liga jokatuko du.

Realak kanpoan ekingo dio ligari Atletico Madrilen aurkako partidarekin. Athleticek Granadilla Teneriferi egingo dio bisita. Alaves Gloriosasek etxetik kanpo jokatuko du Levanteren kontra.

Denboraldiko lehen euskal derbia Alavesek eta Athleticek jokatuko dute urriaren 22 eta 23ko asteburuan. Astebete beranduago, urriaren 29an edo 30ean izango da Alaves-Reala partidaren txanda. Athletic-Reala neurketa azaroaren 19-20ko asteburuan izango da. Bestalde, hauek dira bigarren itzuliko euskal derbien datak: Reala-Alaves martxoak 18 edo 19ko asteburuan, Reala-Athletic apirilaren 1ean edo 2an, eta Athletic-Alaves apirilaren 15ean edo 16an.

Hiru euskal taldeek etxean emango diote amaiera ligari: Realak Real Madril hartuko du, Athleticek Vila-real izango du aurkari, eta Alaves Alhamaren kontra arituko da.

Bartzelona da egungo Iberdrola Ligako txapelduna. Levante las Planas eta Alhama ElPozo dira maila gorenera igo diren bi taldeak.