Itxi

Reala

Errege Kopa

Reala nagusitasunez gailendu zaio Coriari (0-5) eta final-hamaseirenetarako txartela eskuratu du

EITB Media

Txuri-urdinek aise irabazi diote Extremadurako taldeari (0-3) eta aurrera egin dute Errege Kopan. Lehen zatian utzi du lehia erabakita Realak. Robert Navarro, Cho, Brais Mendez eta Karrikaburu (2) izan dira golegileak.

3:59
Coria - Reala

Reala aise nagusitu da Coriaren aurka (0-5) asteazken honetan (abenduak 31) Extremaduran jokatu duen Errege Kopako bigarren kanporaketan, eta final-hamaseirenetarako txartela lortu du.

Hasieratik nagusi izan da talde gipuzkoarra. Gainera, bosgarren minutuan sartu du lehen gola; Robert Navarrok jarri du 0-1ekoa markagailuan, Choren paseari amaiera bikaina emanda.

Golak erosoago jokatzea ahalbidetu dio Realari. Pixkanaka, gero eta nabarmenagoa izan da txuri-urdinen nagusitasuna. Horrela, 17. minutuan Chok sartu du 0-2koa, boleaz errematea egin eta atezaina gaindituta.

Ondoren, 31. minutuan, Sorloth ez da fin ibili aurkariaren ate aurrean. Hiru minutu beranduago, Coriak lehen abagunea izan du, baina Cerroren errematea kanpora joan da oso gutxigatik.

Atsedenaldira iritsi aurretik, epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du, area barruan Silvari egin dioten faltaren ondorioz. Hamaika metroetatik Brais Mendezek sartu du txuri-urdinen hirugarren gola (0-3).

Bigarren zatian ere jaun eta jabe izan da Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea. Sorlothek abagune bikaina alferrik galdu du 50. minutuan; norvegiarra bakarrik geratu da Varearen aurrean, eta atezainak eragotzi du gola baloia desbideratuta. Lau minutu beranduago, Cera Coriako jokalariak atepetik atera du baloia.

Kontrolpean izan du lehia Realak. Neurketako 69. minutuan Vareak gelditu du Brasien jaurtiketa. Ondoren, 73.ean, jokalari bat gutxiagorekin geratu da Coria, Pedro Mellik txartel gorria ikusi baitu Marini egin dion sarrerarengatik.

Erabakita heldu da neurketa azken ordu laurdenera. Hala ere, txuri-urdinek garaipena biribildu beste bi gol sartuta. Karrikaburu izan da txuri-urdinen azken bi golak (0-4 eta 0-5) sartu dituena, 79 eta 83. minutuetan: lehena, atezaina presionatuta, eta bigarrena Marinen pase bikaina baliatuta.

Fitxa teknikoa:

0-Coria: Toni Varea; Cera, Mahillo (Vadillo, 76. min) Mateo (Mercadal, 65. min) Joserra; Sergio Gómez, Alejandro (Pedro Melli, 65. min), Alberto Bernardo (Alexander, 76. min), Deco; Santi Luque eta Cerro (Ledesma, 65. min).

5-Reala: Remiro; Rico (Pacheco, 80. min), Zubeldia, Aritz, Le Normand; Navarro, Silva (Ander Martín, 46. min), Brais Mendez, Zubimendi (Guevara, 77. min); Sorloth (Pablo Marin, 65. min) eta Cho (Karrikaburu, 77.min).

Golak 0-1, 5. min: Robert Navarro. 0-2, 17. min: Cho. 0-3, 45. min: Brais Mendez, penaltiz. 0-4, 79. min, Karrikaburu. 0-5, 84. min, Karrikaburu.

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz. Txartel horia atera dio Joserrari (29. min), eta txartel gorria Pedro Melliri (74. min).