Itxi

Reala

SANTANDER LIGA

Realak bana berdindu du Mallorcaren aurka

B. L. G. | EITB MEDIA

Lehen zatian oso nagusi izan dira txuri-urdinak baina ez dute Carlos Fernandezen gol goiztiarrari jarraipenik ematen asmatu. Bigarren zatia hasi eta berehala Mallorcak partida berdindu du eta Realak ezin izan du garaipena lortu.

  • Carlos Fernandez

    Carlos Fernandezek denboraldiko lehen gola sartu du. Argazkia: EFE

Realak bana berdindu du Mallorcaren aurka Son Moixen. Imanolek zuzendutako mutilak gogotsu zelairatu dira eta berehala lortu dute Mallorcaren atea zulatzea. Mallorcak, ordea, ez du amore eman eta bigarren zatia hasi eta bost minutura berdindu dute norgehiagoka.

Mallorca-Reala partidako laburpena

Indartsu hasi da Reala Son Moixen. Partida hasi eta bi minutura izan dute txuri-urdinek lehen gol aukera, etxeko atezainak, baina, Oyarzabalen jaurtiketa gelditu du. Bakeak ez du gehiegi iraun Mallorcaren arean eta minutu bat beranduago Braisek sakonean baloia eman, Silvak Carlos Fernandezi pasea egin eta sevillarrak denboraldiko bere lehen gola lortu du.

Reala nagusi izan da jokoan. Mallorcak erasoko jokaldi bakan batzuk egin baditu ere, ez da gai izan abagune argirik sortzeko Remiroren ate aurrean. Etxeko taldeak, atzean sartuta, ez dio presio alturik egin Imanolen taldeari eta Realak ez du presarik izan markagailuan aldea handitzeko.

Atsedenaldia Mallorcaren ordura arteko aukera argienarekin heldu da. Kadewerek sakonean baloia jaso eta jaurtiketak Remiroren atearen kanpoaldean jo du.

Aldageletatik bueltan, Mallorca hobeto zelairatu da eta 50. minutuan partida berdindu du. Pachecok, Kang In Leerekin baloiagatik borrokan ari zela, irristatu eta Mallorcako aurrelariak gola sartu du Remirori iskin eginda.

Mallorcaren berdinketarekin jokoa ere berdindu egin da eta txuri-urdinen nagusitaduna ez da hain nabarmena izan. Korner batean (60. min) Le Normandek 1-2koa egitea lortu du, baina epaileak frantziarraren falta adierazi du, gola bertan behera utziz. Hortik aurrera Imanolek zuzendutako mutilek minutu onak izan dituzte erasoan eta, saririk lortu ez badute ere, berriro hartu dute jokoaren gidoia.

Minutuak aurrera joan dira eta Realak ez du gola egiterik lortu. Are gehiago, Mallorcak bigarren zatiko abagune argiena izan du 85. minutuan: Amathek erdiraketa bat errematatu eta zutoinean jo du. Gainera, 90. minutuan txartel gorria erakutsi dio epaileak Mikel Merinori; hortaz, azken minutuei 10 jokalarirekin aurre egin behar izan die Donostiako taldeak.

Fitxa teknikoa:

1 - Mallorca: Rajkovic; Maffeo, Raillo, Giovanni González, Matija Nastasic, Jaume Costa (Ndiayé, 46. min); Babá, Íñigo Ruiz de Galarreta (Battaglia, 82. min), Kang In Lee (Antonio Sánchez, 82. min), Dani Rodríguez (Ángel, 68. min); Kadewere (Abdón Prats, 46. min).

1 - Reala: Remiro; Gorosabel, Le Normand, Pacheco, Rico; Merino, Zubimendi; Brais Méndez, Silva (Kubo, 81. min) Oyarzábal (Mohamed Ali Cho, 69. min); Fernández (Sorloth, 63. min)

Golak: 0-1, 3. min: Carlos Fernández. 1-1, 50. min: Kang In Lee.

Epailea: Martínez Munuera. Mikel Merino kaleratu du (89. min) zuzenean ateratako txartel gorriarekin. Txartel horia: Dani Rodríguez (10. min), Carlos Fernández (40. min), Giovanni González (79. min) eta Sorloth (95. min).