Itxi

Reala

EA SPORTS LIGA

Realak eta Betisek hutsean berdindu dute Reale Arenan

EITB MEDIA

Epaileak baliorik gabe utzi ditu donostiarrek egindako hiru golak, jokoz kanpoko posizio argien ondorioz. Egun berezia izan da txuri-urdinentzat, Aitor Zabaleta omendu baitute.

  • Martin Zubimendi, Reala-Betis partidan

    Martin Zubimendi, Reala-Betis partidan. Argazkia: Efe.

Realak eta Betisek hutsean amaitu dute Reale Arenan jokatutako EA Sports Ligako 17. jardunaldiko partida. Bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak, eta puntu banaketa sari egokitzat jo daiteke. Epaileak baliorik gabe utzi ditu etxekoek egindako hiru golak, jokoz kanpoko argiak adierazita.

Lehen minutuetan, Reala nagusi izan da zelaian, baina aukera argirik sortu gabe. Lehen aukera argia andaluziarrek izan dute, partidako 21. minutuan, baina Abderen jaurtiketa gogorra Remirok urrundu du.

26.ean, Andre Silva portugaldarrak gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpoko posizioa adierazita. 30. minutuan, Willian Josek gora jaurti du Remiroren aurrean izandako aukera bikaina.

Martin Zubimendi ere, partidako lehen gola sartzear izan da, 33. minutuan, baina haren jaurtiketak zutoina jo du, Rui Silva atezainak baloia ukitu ostean.

Atsedenaldiaren atarian, Ayozeren jaurtiketak Realaren ateko zutoina jo du, kanpoko aldetik, eta epaileak beste gol bat baliogabetu dio Andre Silvari, jokoz kanpoko posizioagatik.  

Bigarren zatian, gauzek ildo beretik jarraitu dute. Oyarzabalek izan du lehen aukera, falta jaurtiketa batean, baina baloiak zutoina jo du. 64.ean, Remirok bere taldea salbatu du, Iscok izandako aukera bikoitza ezerezean utzita.

Azken aukerak

Azken minutuetan, Turrientes eta Take Kubo ere saiatu dira, baina zorterik gabe. Azken aukera Sadiqek izan du, eta baloia andaluziarren sarean sartu du, baina jokoz kanpo zegoen baloia ukitu duenean.

Azkenean, berdinketa eta puntu banaketa Reale Arenan.

Fitxa teknikoa

0 - Reala: Remiro; Traoré, Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aihen, 84. min); Zubimendi, Merino (Olasagasti, 84. min), Zakharyan (Turrientes, 59. min); Kubo, A. Silva (Sadiq, 58. min) eta Oyarzabal (Magunazelaia, 75. min).

0 - Reala: R. Silva; Ruibal, Pezzella, Riad, Abner; Altimira (Carvalho, 72. min), Roca, Isco; Ayoze, Willian José (Diao, 59. min) eta Ez Abde (Rodri, 72. min).

Epailea: Mateo Busquets Ferrer (Balearretako Batzordea). Txartel horia atera die Olasagasti (85. min), Le Normand (86. min) eta Remiro (90+3. min) Realeko jokalariei, eta Roca (43. min), Ruibal (68. min), Ayoze (78. min) eta Isco (87. min) Betiseko jokalariei.