Itxi

Reala

EA Sports Liga

Realak puntu bat atera du Gironatik, 10 jokalarirekin amaitu duen partidan

EITB MEDIA

Mikel Oyarzabal lesionatu egin da azken minutuetan, eta beste horrenbeste gertatu zaie Odriozolari eta Beckerri lehen zatian. Epaileak gol bana baliogabetu die bi taldeei lehen zatian, jokoz kanpoko posizioengatik.

  • Mikel Oyarzabalek min hartu du azken minutuetan

    Mikel Oyarzabalek min hartu du azken minutuetan. Argazkia: Efe.

Realak eta Gironak hutsean berdindu dute Montilivin jokatutako EA sports Ligako 23. jardunaldiko partida. Bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak. Realean, Odriozola eta Oyarzabal lesionatu egin dira.

Lehen zatiak erritmo handia izan du, eta bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak. Neurketa, baina, gaizki hasi da donostiarrentzat, Mikel Odriozola lehen minutuetan lesionatu delako. Imanolek Aramburu zelairatu behar izan du donostiarraren ordez.

15. minutuan, Remirok geldiketa bikaina egin du Tsyngakovek egindako falta jaurtiketa batean.

23.ean, Realeko atezainak Gironaren gola ekidin du baloia atepetik aterata, Aleixek korner batean egindako erremateari erantzunez.

Sustoa handiagoa izan da 24. minutuan, Yangel Herrerak baloia gipuzkoarren atean sartu duelako; epaileak, baina, gola baliogabetu du, jokoz kanpoko posizioa adierazita, VARetik esandakoa aintzat hartuta.

Sei minutu geroago, 30.ean, Realak sartu du baloia aurkariaren atean, Mikel Oyarzabalen bitartez, baina epaileak gola baliorik gabe utzi du, jokoz kanpokoa adierazita.

Atsedenaldiaren ostean, donostiarrek jokoaren kontrola izan dute, baina paseetan ez dira fin ibili, eta oso aukera gutxi sortu dituzte.

68. minutuan, Barrenetxea guztiak ezustean harrapatzear izan da, hegaletik egindako erremate-erdiraketa batekin, baina baloia gora joan zaio, oso gutxigatik. 72.ean, berriz, Brais Mendezek bere taldearen aukerarik argiena izan du, baina Gazzanigak eskua azkar atera du baloia desbideratzeko.

Gorria Micheli eta Oyarzabalen lesioa

Azken minutuetan, Gil Manzanok txartel gorri zuzena atera dio Michel entrenatzaileari, eta Mikel Oyarzabalek min hartu du baloi baten bila Gazzanigarekin lehian ari zenean. Reala 10 jokalarirekin geratu da, eta Gironak, jokalari bat gehiago zuela aprobetxatuta, aukera pare bat izan ditu Remiroren atea aurrean, baina markagailua ez da aldatu.

Azkenean, berdinketa eta puntu bana Realarentzat eta Gironarentzat.

Fitxa teknikoa

0 - Girona: Gazzaniga; Yan Couto, Èric, Blind, Miguel; Aleix García (Jhon Solís, 80. min), Herrera; Tsygankov (Valery, 80. min), Iván Martín (Pablo Torre, 70. min), Sávio; eta Portu (Stuani, 70. min).

0 - Reala: Álex Remiro; Odriozola (Aramburu, 4. min), Zubeldia, Pacheco, Javi Galán; Becker (Barrene, 52. min), Zubimendi, Turrientes (Merino, 52. min), Brais Méndez (Olasagasti, 87. min); André Silva (Sadiq, 87. min) eta Oyarzabal.

Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Batzordekoa). Txartel horia atera die Herrera (88. min) eta Blind (90+7. min) etxeko jokalariei eta Turrientes (21. min), Brais Méndez (45+1. min), Imanol Alguacil (45+1. min) eta Zubeldia (64. min) bisitariei. Gironako entrenatzailea, Míchel, kanporatu du (89. min).