Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak jipoia jaso du Real Madrilen aurka

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak 60-88ko emaitzarekin galdu du Buesa Arenan jokatu duen Euroligako 12. jardunaldiko partida. Madrilgo taldea jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino.

  • Baskonia - Real Madril

    Giedraitis eta Poirier, Baskonia - Real Madril partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak galdu egin du Real Madrilen aurka (60-88) ostegun honetan Buesa Arenan jokatu duen Euroligako 12. jardunaldiko partida. Arabako taldeak lau garaipen eta zortzi porrot bildu ditu txapelketa honetan, 12 jardunalditan.

Erritmo biziarekin eta bi taldeek erasoan egindako huts askorekin hasi da norgehiagoka. Baskoniak abantaila txikiak lortu ditu lehen minutuetan (3-0, 5-2 eta 9-5), baina Real Madrilek ez dio alde egiten utzi, neurketa berdindu du, eta aurretik jarri da norgehiagokako seigarren minutuan (9-11). Ondoren, Real Madrilek zuloa ireki du markagailuan (11-23), eta talde bisitariak 11 puntuko abantailarekin amaitu du lehen laurdena (14-25).

Bigarren laurdeneko lehen hiru minutuetan, Real Madrilek errenta handitu du (20-37), hiruko saskiratze asko sartuta. Baskoniari asko kosta zaio erasoan saskiratzeak lortzea, eta defentsan ezin izan du aurkaria gelditu. Real Madril nagusi izan da erreboteetan, hiruko jaurtiketak sartzen jarraitu du, eta Madrilgo taldearen aldeko 34-53ko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Neurketa maldan gora zuela ekin dio Baskoniak hirugarren laurdenari. Neven Spahijak zuzentzen duen taldearen helburua desabantaila murriztea zen, baina Real Madrilek nagusi izaten jarraitu du, eta ez dio emaitza estutzeko aukerarik eman. Arabako taldea ezinean ibili da, eta talde bisitariak 24 puntuko errenta erdietsi du hirugarren laurdenaren amaieran (47-71).  

Azken laurdenean, emaitza txukuntzen saiatu da Baskonia; Real Madrilek, ordea, berera jarraitu du, nagusi izan da, eta ez dio erraztasunik eman Arabako taldeari. Amaieran, Baskonia galtzaile (60-88).

Fitxa teknikoa:

Bitci Baskonia: Granger (-), Baldwin IV (8), Sedekerskis (3), Giedraitis (5) eta Enoch (14); Peters (6), Marinkovic (6), Fontecchio (14), Nnoko (4) eta Kurucs (-).

Real Madril: Abalde (5), Causeur (13), Hanga (7), Yabusele (7) eta Tavares (12); Williams-Goss (7), Heurtel (12), Llull (8), Rudy Fernandez (9), Poirier (8), Nuñez (-) eta Vukcevic (-).

Partzialak: 14-25, 20-28, 13-18, 13-17.

Epaileak: Latisevs, Hordov eta Peerandi. Peters (Baskonia) kanporatu dute, bost falta egin dituelako.