Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

11. etapa

Pascal Ackermannek esprint ikusgarria irabazi du Tortonan, Geoghegan Hartek Giroa utzi behar izan duen egunean

EITB MEDIA

UAE taldeko txirrindulari alemaniarra izan da azkarrena Giroaren hamaikagarren etapako helmugan; Ackermann bera, Milan, Cavendish eta Pedersen oso parean sartu dira. Geoghegan Hartek erorikoa izan eta lasterketa utzi behar izan du, eta hori bera gertatu zaio Oscar Rodriguezi.

  • Pascal Ackermann izan da azkarrena Giroaren 11. etapako helmugan. Argazkia: EFE.

    Pascal Ackermann izan da azkarrena Giroaren 11. etapako helmugan. Argazkia: EFE.

UAE Team Emirates taldeko Pascal Ackermann txirrindulari alemaniarrak 2023ko Italiako Giroaren hamaikagarren etapa irabazi du asteazkenean; izan ere, azkarrena izan da Tortonako helmugan izandako esprint ikusgarrian. Garailea eta haren atzean sailkatu diren gainerako esprinterrak, hain zuzen Jonathan Milan, Mark Cavendish eta Mads Pedersen, oso parean igaro dira helmugako pankartapetik. Bestalde, Geraint Thomasek (Ineos) maglia arrosa soinean duela jarraituko du; hori bai, sailkapen nagusirako lehian zegoen gizon batek, Tao Geoghegan Hart Thomasen taldekideak, lasterketa utzi behar izan du, erorikoa izan duelako. Hori bera gertatu zaio Movistar taldeko Oscar Rodriguez burlatarrari: nafarrak, helmugarako 63 kilometro geratzen zirela, erorikoa izan, eta Giroa utzi du, halabeharrez.

Oraingoz, 2023ko Giroan bost etapatan erabaki da irabazlea esprintean, eta beste horrenbeste garaile izan dira horietan. Ackermannek, bosgarren garailea bera, Milanen, Matthewsen, Grovesen eta Pedersenen lekukoa hartu eta denboraldiko lehen garaipena lortu du; alemaniarrak 29 urte ditu, eta Giroan eta Espainiako Vueltan izan da etapa garailea (hurrenez hurren, hiru ditu Italian, azken hau barne, eta bi Vueltan, 2020an biak). Argi dago esprintetan ere badagoela ikuskizuna aurtengo Giroan, eta, ziurrenik, espezialistek aukera gehiago izango dituzte, lasterketa amaitu aurretik.

Etapan, bi protagonista izan dira, bata ona eta bestea ez horrenbeste. Onena sei txirrindularik egin dute; Thomas Champion (Cofidis), Diego Pablo Sevilla (Eolo), Filippo Magli (Green Project), Laurenz Rex (Intermarche), Alexander Konychev (Corratec) eta Veljko Stojnic (Corratec) ia hasieratik joan dira aurretik, ihesaldian. 219 kilometro zituen etapak, aurtengo Giroko edozein etapak baino gehiago, baina aurrera egin dute sei gizon horiek; gehienez, lau minutu eta 22 segundoko aldea izan dute, eta tropelak helmugarako bost kilometro geratzen zirela harrapatu du ihesean ibilitako azken ziklista, hain zuzen Rex belgikarra.

Okerrena, beste behin, erorikoak izan dira. Batzuk, gainera, larriak izan dira. Egia esan, Giroa ezbeharrez beteta ari da izaten: alde batetik, Italiako udaberria parte-hartzaileei ematen ari zaien eguraldi makurragatik; bestetik, covid-19agatik. Hamaikagarren etapa honetan, Tao Geoghegan Hart anbulantziaz eraman behar izan dute; britainiarrak, sailkapen nagusiko hirugarrena bera, lurrera joan da 65 bat kilometro geratzen zirela. Eroriko horretan, halaber, Geraint Thomas liderrak eta Primoz Roglic bigarren sailkatuak arazoak izan dituzte, baina, azkenean, jarraitu ahal izan dute; Oscar Rodriguez nafarrak, aldiz, ezin izan du, pixka bat aurrerago izandako istripuaren ondorioz. Jonathan Lastra da orain, hortaz, Giroan dabilen euskal txirrindulari bakarra.

Amaiera, baina behin eta berriz ikusteko modukoa izan da, biziki estua izan baita. Ackermannek ospatu du garaipena, ziur aski esprinterrek irabazlea nor izan den jakiteko duten senari esker, baina Milanek ere egiten zituen poztasun keinuak helmuga zeharkatuta. Azkenean, fotofinishak argitu behar izan du nor zen podiumera igotzekoa.

Argazkia: EFE.

Argazkia: EFE.

Eta, ostegunean, hamabigarren etapa. Bran hasiko da lasterketa, eta Rivolin amaitu; ibilbideak 179 kilometro ditu, eta zenbait igoera eta jaitsiera daude. Gainera, biharamunean egun handia dute txirrindulariek, Crans Montanako etapa menditsua.

11. ETAPA

Etapako sailkapena

1 - ACKERMANN Pascal (UAE) 5:09:02

2 - MILAN Jonathan (Bahrain) d. b.

3 - CAVENDISH Mark (Astana) d. b.

4 - PEDERSEN Mads (Trek) d. b.

5 - OLDANI Stefano (Alpecin) d. b.

6 - ALBANESE Vincenzo (EOLO) d. b.

7 - MAYRHOFER Marius (DSM) d. b.

8 - BALLERINI Davide (Soudal) d. b.

9 - CONSONNI Simone (Cofidis) d. b.

10 - MARIT Arne (Intermarche) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - THOMAS Geraint (INEOS) 39:26:33

2 - ROGLIC Primož (Jumbo) + 0:02

3 - ALMEIDA João (UAE) + 0:22

4 - LEKNESSUND Andreas (DSM) + 0:35

5 - CARUSO Damiano (Bahrain) + 1:28

6 - KÄMNA Lennard (BORA) + 1:52

7 - DUMBAR Eddie (Jayco) + 2:32

8 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d. b.

9 - DE PLUS Laurence (INEOS) +2:36

10 - PARET-PEINTRE Aurelien (AG2R) + 2:48